Orioko nesken txalupa hirugarren atzo, Gipuzkoako Ligako estropadan

Karkara 2017ko abu. 16a, 12:10

Hibaikak irabazi zuen Iparragirre Sagardotegia Saria, eta San Juanek, bigarren postuarekin, erabakita utzi zuen liga jardunaldi baten faltan. (Argazkia: JM Olasagasti)

Gipuzkoako Ligako azken bigarren estropada jokatu zen atzo Donostian, Mundaiz parean. Hibaikako txalupak ligako lehen garaipena lortu zuen Urumea ibaiko uretan, San Juango tripulazioari 1,97 segundo aterata. Bigarren postuarekin, pasaitarrek liga irabazteko behar zituzten puntuak lortu zituzten. Orioko txalupak, Hibaikak baino 8,09 segundo gehiago behar izan zituen lanak amaitzeko.

Estropada baldintza zailetan jokatu zen. Estropalariek arraunerako ur gutxi zuten errioan, eta eguraldi petrala. Txalupek hiru ziaboga eman behar izan zituzten, eta hau, Nadeth Agirre patroiaren hitzetan, ez zen oriotarrentzat lagungarri izan. "Ziaboga bakoitzaren ostean, potentzia handia behar izaten da traineruari berriz abiadura emateko, eta indar kontutan, San Juan eta Hibaika gu baino gehiago dira".

Hala ere, estropada polita egin zuen Santi Zabaletaren tripulazioak. Agirreren arabera, taldea hobeto dabil errioko estropadetan. "Erlojupekoa ibaian jokatu zela kontuan hartuz, bi traineru onenek atera ziguten tartea besteetan baino txikiagoa izan zen". Aste honetan, deskantsurako tarte gutxi dute arraunlariek. Dagoeneko, asteburuan jokatuko den Zarauzko estropadan dute burua.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!