Kritika: Oriotarrock, lehen edizioa.

Kritika: Oriotarrock, lehen edizioa.

(...) Aurtengoa hobetzeko, gauza bakarra egin daiteke orain, larunbatekoa oraindik buruan dugula: datorren edizioan pentsatzen hastea. (...)

Astean zehar botatako zaparradak ahiturik, zita abuztuak eskaini dizkigun egun eguzkitsu bakanetakoan jartzeko zortea izan zuten Oriotarrock jaialdiaren antolatzaileek. Larunbatean hondartza leporaino egon zen, eta jendeak, hondarretatik erretiratzean, bazuen arratsaldea Antilla inguruan luzatzeko aitzakia polita.

Zortzi terdiak aldera, Ibai Marin igo zen oholtzara, La Vieja Guardia bandak lagunduta. Orion bizi den donostiarrak eskarmentu handia du musika munduan; urte askotan, euskal heavy metal eszenan oihartzun dezente lortutako Hira taldeko abeslaria izan zen. Orain egiten duen musikak asko du rocketik, baina akustikoagoa da, eta folk zantzuak ere badauzka. Abesten heavy kutsua mantentzen du oraindik.

Lehen kontzertuan zehar, hondartza gaineko belardian bildu zen jende mordoxka gustura nabari zen, lasai, iluntze ederraz gozatzen. Marin, zakur zaharra bera, saiatu zen entzuleekin interakzioa bilatzen, eta jendea belazean baino erosoago zirudien berak oholtzan. Agian, ordua eta giroa ez ziren egokienak eskaini zituen doinu eta letra intimoak ondo apreziatzeko, baina ofizio handiarekin, lortu zuen publikoarekin konektatzea.

Giranice oriotarrak izan ziren bigarrenak. Hauekin, partaide denak herritarrak direlako -edo, giroa beroagoa izan zen. Azken urtetan taldekideak aldatzen joan arren, taldeak soinu bera mantentzea lortu du, eta beren kasuan, ez da meritu makala; Giraniceren abesti instrumentalek txoko txiki asko dituzte, eta denborarekin trinkotzen doan musika eskaini zuten kontzertu osoan zehar. Aipamen berezia soinu teknikariari ere, oholtza jarri zuten lekua kontuan hartuz, entzuleek abestien ñabardura guztiak antzeman ahal izatea lortu baitzuen.

DJ Gurruk itxi zuen jaialdia. Ez zuen lan erraza Ikerrek, bera musika jartzen hasterako jendea hondartzatik alde egiten hasia baitzen. Hala ere, lortu zuen bukaeraraino geratu zirenak  mugimenduan mantentzea.

Laburbilduz, txukuna izan zen Oriotarrock-en lehen edizioa. Itzalak bilatu nahi dizkionak, aurkituko dizkio, edozeri bezala, baina astean zehar jendearekin hitz egin ostean, inpresio on dezente bildu ditut. Aurtengoa hobetzeko, gauza bakarra egin daiteke orain, larunbatekoa oraindik buruan dugula: datorren edizioan pentsatzen hastea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!