"Negozio txikiek etorkizun zaila dute Orion"

IƱigo Gaiton 2017ko abu. 17a, 17:09

Ainhoa Fernandezek 2001. urtean zabaldu zuen denda itxiko du irailean. Besteak beste, komertzio txikiek aurrera egiteko dituzten zailtasunei buruz aritu gara berarekin.

- 16 urtez izan duzu denda zabalik.

Urte politak izan dira. Ama eta biok ireki genuen. Krisiagatik lana jaitsi zenean, duela sei urte inguru, bera jubilatu eta nik bakarrik jarraitu dut gaur bitartean.   

- Zurea bezalako negozio txikietan, konfiantza handia egingo da bezeroekin.  

Bai, konfiantza hori da komertzio txikien indargunea. Bezeroak ondo ezagutzen dituzu denborarekin, eta erosketak egitean ahalik eta ondoen aholkatzen saiatzen zara. Bi aldeek irabazten dute.

- Krisia aipatu duzu lehen erantzunean.

Nire kasuan, azken urtean antzeman dut beherakada handiena. Ez dakit, herriko kaleetan mugimendu gutxi dagoela iruditzen zait.

- Iraultza digitalak asko aldatu ditu jendearen kontsumo ohiturak.

Bai. Nire etxekoek ere erosten dituzten produktuak Amazon bidez. Honek ere itsusitu du negozio txikien panorama. Jendea dendetara produktuak gertutik aztertzera sartzen da, gero internet bidez erosteko. Azken Gabonetan asko antzeman nuen hori.

- Eroskik edo txinatar bazarrek, herriko denda txikiei gauzak zailduko zizkizuen, ezta?

Hala da. Bigarrenen kasuan, gainera, ez dira herrian inplikatzen. Orioko dendariak badaramatzagu urte batzuk Arkupe elkartean gauzak lantzen, baina txinatarrek, Orioko kasuan behintzat, ez dute halako elkarteetan parte hartzen.

- Txinatarren negozioei errezeloz begiratzen diegu sarri.

Gure ordutegi eta zerga berak izanez gero, ez dut uste beren negozioak errentagarri izango liratekeenik.

- Arkupe elkarteko lehendakari ere izan zinen.

Borroka asko egindakoa naiz, herriko beste dendariekin batera.

- Komertzio txikiak desagertzearekin batera, nortasuna galtzen al du herri batek?

Bai. Dendek, tabernek edo negozio txikiek bizipoza ematen diete kaleei.   

- Autopistako irteera onuragarria izan da jende askorentzat, baina herrian mugimendua jaitsarazi duela ere esaten da.

Oriora bizitzera etorri den jende batek, lo bakarrik egiten du herrian. Ez dute hemen bizitzarik egiten. Orion etxebizitza asko eraiki dituen enpresa bateko arduradunak, irratian hitz egin zuen duela gutxi. Autopistako irteerak etxeak promozionatzerako garaian asko lagundu diela esan zuen. Hori da horren froga.

- Nahikoa turista erakartzen al du Oriok?

Azken urtetan Getaria promozionatzen asmatu den bezala, Oriorekin kale egin da.

- Etorkizunari heltzeko indarrez al zaude?

Bai! Lanerako gogorik ez zait falta, eta batean edo bestean, aterako da zerbait.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!