Mikel Amilibia: "Jokalari batek irabazi zigun Munduko Txapelketa"

Karkara 2017ko abu. 23a, 15:37

Tibilisitik –Georgia– lur hartu eta biharamunean Karkararekin izan da Mikel Amilibia –Orio, 1999–. Pozik, zilarrezko domina poltsikotik atera du; izan ere, kirolari batek ez du egunero Munduko Txapelketako finala jokatzen. Jubenil mailan jokatu du Amilibiak munduko eskubaloi txapelketa eta, urrearen atarian geratu baziren ere, sentsazio onarekin itzuli da oriotarra.

Zer moduzko esperientzia izan da Munduko Txapelketa jokatzea?

Oso sentsazio onarekin geratu naiz. Iaz Europako Txapelketa jokatu genuen baina aurten desberdina izan da. Taldea askoz bateratuago zegoen, familia bat bezala ginen eta horrek eragina izan du... eta bigarren geratzea sekulako esperientzia izan da.

Partida guztiak irabazi zenituzten finalera iritsi arte.

Bai, azkena falta izan zaigu. Prestaketa garaian ere galdu genituen bi partida Kroaziaren kontra, baina besteak irabazi. Mundialera sentsazio onarekin iritsi ginen, partida denak irabazten hasi ginen, talde zaila tokatuta ere. Bagenekien finalaurrekora iristeko aukerak bagenituela, eta iritsi ginen. Kroaziaren kontra jokatzea tokatu zitzaigun, prestaketan irabazi gintuen talde beraren kontra. Baina bagenekien irabazteko gai izango ginela.

Espero zenuten finalera iristea?

Aukerak bagenituela pentsatzen nuen nik. Iaz seigarren egin genuen baina Frantziaren kontra tanto batengatik galdu genuen eta baita beste partida bat ere, eta horregatik kanpoan geratu ginen.

Finala ere gutxigatik galdu zenuten.

Frantziak partida guztiak hamar puntu ingurugatik irabazi zituen, beste taldeen gainetik zegoen. Gure defentsa 5-1 deritzona zen, hau da, jokalari bat aurreratuta. Eta bagenekien, beste taldeei bezala, Frantziari ere kosta egingo zitzaiola, gure indargunea defentsa baita.

Oso ondo hasi ginen, partida irabazten gindoazen bigarren zatiko 15. minutura arte. Baina gero pasa egin ziguten. Jokalari batek 13 gol sartu zituen eta ez genuen frenatzen jakin. Jokalari batek irabazi zigun Munduko Txapelketa.

Nola ikusi duzu taldea?

Talde lana oso garrantzitsua izan da. Iazko talde oso antzekoa ginen aurten eta izandako aldaketak, jende berria, hoberako izan dira. Jokatzerakoan aldaketak ez ziren nabarmentzen; jokalari batek edo besteak jokatu ez zen alde handia ikusten.

Entrenatzen ere denbora asko egon ginen, 53 egun kontzentratuta, elkarrekin. Familia txiki bat bezala izan gara bi hilabeteetan, eta horrek asko lagundu digu.

Argazkia: Georgian Handball Federation

Argazkia: Georgian Handball Federation

Eta zu zeu, nola ikusten zara taldean?

Iazko txapelketan dezente jokatu nuen eta pentsatzen nuen aurten gutxiago egingo nuela. Jende ona sartu da eta ni ez nintzen ari oso ondo entrenatzen, egia esan. Baina momentua iritsi denean maila eman dudala esango nuke. Azken bi partidatan ibili naiz ahul, baina orokorrean sentsazio onarekin geratu naiz.

Munduko txapelketa bukatuta, ligari begira al zaude dagoeneko?

Denboraldi-aurrea tokatzen da orain, ostegunean eta igandean lagunarteko partidak ditugu. Horietan ez dut jokatuko baina astelehenetik aurrera indartsu hasiko naiz.

Aurten talde hobea dugula esango nuke; Anaitasunatik, Usurbildik eta bigarren taldetik jokalari bana gehitu dira. Nik uste taldearen maila igo egingo dela. Iaz talde gaztea ginen eta aurten esperientzia handiagoa dugu. Hala ere, ligaren maila ere igo egin da.

Eskubaloia beste kirol batzuen itzalean egon da beti.

Futbola, saskibaloia eta beste hainbat kirolen atzetik egon da, bai. Espainian, batez ere, futbolak ia toki guztia hartzen du.

Asobal liga duela urte batzuk oso ondo zegoen, baina jaitsi egin dela esango nuke, orain Alemaniakoak hartu du indarra. Beti daude talde pare bat beti puntan daudenak, baina, orokorrean, taldea aurrera ateratzea zaila da ekonomikoki. Urtean urtekoa egiten dute gehienek.

Hala ere, eskubaloi maila ondo ikusten dut, harrobiak indar asko dauka. Junior mailako taldeak Munduko Txapelketa irabazi du eta guk zilarra dugu, beraz, maila badagoela esango nuke.

Zu zeu nola ikusten zara eskubaloian?

Nik oraingoz Zarautzen jarraitu nahi dut. Amenabar bigarren mailan dago baina ez dago beste taldeak bezain profesionalizatua, eta niretzako eskubaloia hobbie bat bezala da. Ikasketak amaitu nahi ditut lehenengo. Badakit orain eskubaloitik jota zerbait egin dezakedala, baina hori 30 urterekin amaitu egiten da eta uste dut ikasketek garrantzia handiago dutela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!