'Ciaboga' arraun aldizkari historikoa editatu dute

Karkara 2017ko abu. 30a, 16:25
Ciaboga arraun aldizkariaren aurkezpena. (Gipuzkoa Orain)

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, Euskal Itsas Museoak eta Donostiako Aquariumak sustatu dute.

#KONTXA1917 kultur proiektua aurkeztu zuten asteartean Donostian. Ekimenak estropaden ondare kulturala eta historikoa berreskuratu nahi du, eta lehen edizio honetan proiektuaren elementu nagusia 'Ciaboga' arraun aldizkari historikoa berriz editatzea izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, Euskal Itsas Museoak eta Donostiako Aquariumak sustatu dute proiektua, eta 'Ciaboga' aldizkariak arraunaren munduan izan zuen garrantzia azpimarratu nahi izan dute erakundeek.  Argitalpen hau berreskuratu nahi dugu kulturaren eta tradizioaren alderdi ugari berreskuratzeko, horiek bihurtzen baitute Donostiako Estropada kultura ondare immaterial izendatzeko modukoa. Abestiak, apustuak, arau bereziak, egutegi eta ordutegi aldaezinak; Urgull mendiko inguruak betetzen dituzten zaleak eta Donostiako kaia, emanaldia... Horiei esker kirol proba bat baino gehiago dira Donostiako Estropadak, azaldu zuen aurkezpenean Denis Itxaso Kultura diputatuak.

Irailaren 8an, 19:00etan mahai-ingurua egingo dute Aquariumeko auditorioan Ciaboga aldizkariaren inguruan, "Ciaboga, pasioa eta bizitza arraunaren alde" izenburupean.

Irailaren 10ean, 'Ciaboga' aldizkaria Gipuzkoa osoan banatuko dute. Lehen zenbakiaren gai nagusia 1917ko Donostiako Estropada izango da. Xabier Alberdi eta Alejandro Larrod adituek 1917ko estropaden garrantzi historikoa nabarmendu dute: Manuel Arrillaga Aita Manuel handiaren lehen garaipena izan zen, San Pedroko patroi zela. Guztira zortzi bandera eramango zituen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan, baina 1917koa bandera berezia izan zen Aita Manuelentzat, patroi lanetan eskurat zuen lehena izan zelako, eta sanjuandarren aurka irabazi zuelako.

Ciaboga aldizkariaren ibilbidea
Ciaboga 1924an sortu zen; ia 40 urtez argitaratu zen, 1935etik 1942ra izan ezik.  Edukiak beti izan ziren estropadei buruzkoak, baina euskal gizarteko gertakizun garrantzitsuenak ere bildu zituen.  Hirugarren aldiz editatu zen 1992an, baina iraupen laburra izan zuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!