Zuhaitzei bizia ematea pasio

Arinitze Agirrezabala/Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 5a, 15:44
Javier Iraeta eskultorea Orioko Kultur Etxean jarri duen erakusketan.

Javier Iraeta eskultore azpeitiarraren ‘Bizipenak’ erakusketa ikusgai dago irailean zehar, Orioko Kultur Etxean. Neurri desberdinetako 25 lanez osatutako bildumak amaren alde desberdinak irudikatzen ditu.

Aldaketa guztiek aukera berriak ekarri ohi dituzte berekin. Ate bat ixteak, gutxienez, berri bat ireki ohi du, eta zerbait galdu denaren sentipenak, pasioa eta denborapasa dena ofizio bilakatzea ekar dezake. Halako zeozer gertatu zitzaion Javier Iraetari (Azpeitia, 1941). Ekonomiaren krisiaren atzamarra medio, hamaika urtez irakasle eta zuzendari aritu zen Azpeitiko Arte eta Diseinu Eskola itxi egin zen. “Lanik gabe geratu nintzen, eta bolada txarra bizi izan nuen; izan ere, 52 urterekin nora joan behar nuen lan eske?”, adierazi du Iraetak. Danonan lankide izan zuen Gabino Aizpuruk animatu zuen egurra zizelkatzen hastera. “Marrazteko izugarrizko gaitasuna nuen, eta diziplina hari maina arazorik gabe hartuko niola esaten zidan. Kasu egin nion, eta inori ezer esan gabe, enbor zahar bat hartu eta nire lehen tailla egin nuen. Eta gaur arte!”.

Marrazteko zaletasuna mutikotatik datorkio azpeitiarrari: “Ez dakit gaitasuna nork emana dudan, baina txikitatik izugarri ondo marrazten dut. Aitak ohol zahar bat eta klariona ematen zizkidan umetan, eta baserria, behia… marrazten nituen”. Gero, 12 urterekin, plazan zen Arte eta Ofizio Eskolan hasi zen ikasten, Ferrer maisu katalanarekin. “Bost urtez aritu nintzen, eta izugarri ikasi nuen. Daltonikoa naiz, koloreak ez ditut ondo bereizten, eta pinturara baino marraztera dedikatu naiz, lumarekin eta arkatzarekin”. Danonan altzariak diseinatzen aritu zen garaian, berriz, lanetik atera eta egunero Donostiako Arte eta Diseinu eskolara joanez ibili zen, bost urtez. “Bi seme-alaben aita nintzen, eta familia, lana, ikasketak… sakrifizio handia izan zen hura, baina merezi izan zuen”.

Marrazketa teknikak ikasteak eta diziplina horretan trebatzeak egurra zizelkatzeko garaian “asko lagundu” izan diola kontatu du. “Izan ere, marrazterakoan bolumenaren eta neurrien kontzeptuak-eta asko lantzen dituzu”. Nolanahi ere, Iraetaren esanetan, “autodidakta” izan da, eta anatomiako liburuak ez ezik, beste hainbat eskultoreren lanak behatuz «trebatu» dela dio: “Batez ere, Migel Angelen artelanak gustatzen zaizkit. Erreferente handia izan da hura niretzat”. Azpeitiar artistak adierazi du, eskultoreen jarduna bertsolarienarekin alderatzen duela berak. “Bertsolariek kantuan hasterako izaten dute akabera lotuta, eta nik ere egurra ikusi eta lanean hasterako irudikatzen dut enbor hartatik zer emaitza aterako dudan. Egurraren formak berak irudikatzen du zer egin”.

Gernikako bonbardaketa
Bizipenak egurrean zizelkatzea du pasio Iraetak, eta Bizipenak izenburuarekin irailean Orioko Kultur Etxean ikusgai jarri duen 25 laneko bilduman hori preziatu daitekeela dio. “Oroimenean gordeta ditudan umetako eta, oro har, bizitzako esperientziak, bizipenak eta irudiak zizelkatzen ditut egurrean”. Erakusketara bertaratzen denak zer ikus dezakeen galdetuta, azpeitiarrak adierazi du neurri desberdinetako hogeitik gora ale daudela: “Emakumeek eta amek bizitzan dituzten alderdi desberdinak irudikatu ditut horietan. Bizi esperientziak irakatsi eta erakutsi dit familia edo sendi batean zutabea, euskarria eta garrantzitsuena emakumea dela”.

Hala, baserritarrak, artzainak, arrantzaleak, saregileak… ikus daitezke gereziondoan edo intxaurrondoan taillatuta. Material horiez gain, haritzondoa, olibondoa eta sahatsa lantzen ditu. Lan horietako batean, Gernikako bonbardaketaren irudikapen gogor bat ikus daiteke: “Bonbardaketan besoa galdu zuen osaba bat gure etxean bizi izan zen, eta logela berean egiten genuen lo. Gau askotan, ileak tente jartzen zizkidaten bonbardaketako kontuak kontatzen zizkidan. Gertakari haren harira, Gernika erretzen eta besoetan umeak hilda dituzten emakumeak zizelkatu ditut, sahats batean”. Emakumeari ez ezik, naturari ere eskaini dizkio hainbat lan. Haietako bat da gereziondoan landutako bi metroko garaiera duena. “50 animalia ezberdin daude, eta habia batean ama txorikumeari jaten ematen agertzen da”.

Azpeitian erakusteko gogoz
Oriokoaz gain, bere sorterritik gertuago, Azkoitian, ere ikusgai jarri ditu bere lanak Iraetak. Zentzu horretan, arantzatxo bat baduela dio. “Azpeitiko udaletxera joanda bi-hiru aldiz saiatu naiz erakusketa jaioterrian jartzen, baina ez da posible izan. Poz emango lidake neure bizipenak herriari eskaintzea”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!