Jone Olaskoaga: “Aurreko bi denboraldietako zifrak hobetu ditugu aurten”

Iñigo Gaiton 2017ko ira. 5a, 15:47

Jone Olaskoaga –Orio, 1977– abuztu bukaeran bildu da Karkararekin, udak emandakoez hitz egiteko. Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, aurtengo denboraldia ona izan da, Orioko kanpineko zuzendariaren esanetan.

Jone Olaskoaga
Orioko kanpineko zuzendaria

2004 eta 2005. urteetan ere aritu zen Orioko kanpineko harreran lanean, kanpinaren etorkizuna lausoa zen garaian. 2016ko martxoan, zuzendari posturako kontratatu zuten. Gustura dago bi denboraldi hauetan egindako lanarekin.

Zer diote aurtengo zifrek?

Martxotik uztaila amaiera bitartekoak oso onak dira. Aurreko bi urteak nahikoa antzekoak izan ziren, partzelen okupazioari dagokionean. Aurten, 1.200 partzela gehiago eman ditugu hilabete horietan, 8.000 guztira. Iaz 6.700 inguru. Abuztuko datuak ez dauzkagu oraindik, baina ikusten ari garenagatik, iazko datuak %10 inguruan hobetzea espero dugu denboraldi bukaerarako. Kanpina betea egon da uztaila eta abuztuko ia egun guztietan.

Kanpin txikia izanik, eta hondartza ondoan egonda, normala ere bada udan betetzea, ezta? Ateratzen al zaio nahikoa errendimendu udaberri eta udazkenean?

Orioko kanpinak joan-etorriko 106 partzela ditu, beste 36 bezero finkoentzat, eta 34 bungalow. Udan betetzea ez da zaila, hala da. Udaberri eta udazkenean bezeroak erakartzeko, ordea, oso baldintzatuta gaude klimarekin. Udatik kanpo lan asko egiten dugu Europako adineko bezeroekin. ACSI gidaren bidez bidaiatzen dute, eta asko inprobisatzen dituzte egonaldiak, eguraldiaren arabera.

Azken urteetan, kanpinak bezero mota jakin batera zuzendu al du eskaintza? Familiak, bikoteak, jubilatuak...

Bai. Guk kanpin lasaia dela saltzen dugu, goxoa, familia girokoa. Zerbitzu eta kokapen onak dituena. Horiek dira gure bereizgarriak.

Bungalowak erosteko apustu ekonomiko sendoa egin zen 2013an. Zer balantze egiten duzu beren errendimenduaz?

Oso ona. Kanpinaren urte osoko okupazioa hobetzen lagundu digute bungalowek. Udako denboralditik kanpo, jendea erakartzen dute. Dagoeneko baditugu bezero fidelak. Gainera, bungalowetan ostatu hartzen duten bezeroen estantziak, beste motako ostatuetan izaten direnak –2-3 egun– baino luzeagoak dira normalean. Udan, gure kasuan, gutxieneko egonaldia 5 egunekoa da.

Kanpinak lanpostuak sortzen ditu, baina Udalarentzat defizitarioa dela ere entzun izan da. 

Ez dut iraganeko datuen berri, baina orain, kanpinak irabaziak sortzen ditu Udaleko diru kutxarako. Irabazien ehuneko bat kanpinean inbertitzen dugu, eta gainontzekoa, Udaleko beste proiektuetara bideratzen da.

2004 urtean, kanpina txikitu zuen Udalak hondartzako erreforma egiteko. Urte batzuetan, kanpina itxi egingo zenaren zurrumurrua ere zabaldu zen. Azken urtetan, berriz inbertitu da dirua.

Kanpina herrian balore positiboa dela argi dago. Bertako bezeroek bizitza ematen diote herriari. Azken urteetan eman zaion bultzadarekin, kanpinak etorkizuna bermatuta duela esango nuke nik. Bezeroek asko eskertu dituzte azken urteetako aldaketak eta instalazioetan egindako berrikuntzak.

Zementurik gabeko kanpin eta hondartzek geroz eta arrakasta handiagoa dute.

Ez dakit hondartzako erreforma zein egoera sozial eta ekonomikotan egin zen. Harritzen nauena da, hondartza ingurua eraldatzerako beste herrietako esperientziak bazirela dagoeneko. Herriaren balio turistikoa, eta kanpinarena, dudarik gabe, ezberdinak lirateke orain lehengo hondartzaren inguru naturala mantendu izan balitz.

Autokarabanentzat egin nahi den parkingak hautsa arrotu du herrian. Egiten bada, izango al du eraginik kanpinaren martxan?

Nire iritziz, eskaintza desberdinak dira. Bezero batek, momentu batean, kanpin baten zerbitzu guztiak nahi ditu. Beste batean, berriz, behar konkretu batzuk bakarrik izan ditzake.  Autokarabanen parkingak ez dio eragin negatiborik sortuko kanpinari.  Gainera, Udalak gaur egun ematen ez duen zerbitzu bat emango luke.

Udan bolo-bolo ibili da turismo masiboaren gaia. Oriok, nahikoa turista erakartzen al du?

Oriok aldaketa estruktural baten beharra du turismo arloan. Herriak krisi identitarioa duela ere esango nuke. Herrian bi multzotan sailka daiteke jendea: batetik, Orio turista kantitate honekin mantentzearen aldekoak. Bizitzeko herri lasaia da, eta herritar askorentzat luxua da hori. Beste aldean, turista gehiago erakartzearen aldekoak ditugu. Ondo aztertu beharreko gaia da. Zer nahi du gehiengoak? Lanketa handia dugu aurretik.

Oriok, ba al du turismoa erakartzeko bereizgarririk?

Zumaia, Getaria edo Zarautz espezializatu egin dira, bereizgarriak dituzte: flysch-ak, Balenciaga, arrantza, gastronomia, surfa...  Orio herri lasaia da, paseatzeko leku ederrak dauzka, eta aukera asko eskaintzen dituen ibaia. Historikoki ere intereseko eduki asko eskaini ditzake Oriok: arrauna, ontzigintza, bale arrantza... Badugu nahikoa lehengai, kalitatezko eskaintza turistikoak diseinatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!