Atletismoa ezagutaraztea xede

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2017ko ira. 7a, 10:17
Aitor Rubio eta Kamel Ziani Orioko atletismo taldeko arduradunak

Aitor Rubio eta Kamel Ziani oriotarrek gaztetxoen atletismo taldea sortuko dute herrian. Hilaren 25erako eta 28rako saio irekiak antolatu dituzte Orioko pilotalekuan.

Gaztetxoak atletismoan murgiltzeko asmoz, atletismo taldea sortuko du­te Aitor Rubiok eta Kamel Zianik. Askok uste dute atletismoa korrika egitea soilik dela. Horregatik, aurreiritziak alde batera utzi eta 8 urtetik aurrerako gaztetxoei atletismoaren mundu zabala ezagutarazi nahi diegu. Diziplina ugari hartzen dituen kirola da: krosa, iraupen luzeko eta laburreko lasterketak, luzera eta altuera jauziak, askotariko jaurtiketak eta hesidun lasterketak, besteak beste.

Oso kirol anitza da, eta diziplina guztiak jorratu nahi ditugu gazteekin. Taldean parte hartzeko ez dago korrika egiten oso ona izan beharrik, lasterka ona ez dena jauzian edo pisua jaurtitzen primeran moldatu baitaiteke. Bakoitzak bere tokia aurkitu dezake, eta horretarako atletismoaren eskaintza zabalean murgildu nahi ditugu Orioko gaztetxoak, diote arduradunek.

Une oro parte hartzaileen adinetara egokitutako entrenamendu saioak egingo dituzte. Adin horietan ikastea da garrantzitsuena. Horregatik, 8-10 urte bitarteko haurrek kirola landuko dute soilik, eta 10-12 urte artekoak eta nagusiagoak pixkanaka lehian parte hartzen hasiko dira. Hasiera batean, alebin mailakoek inguruko herrietako lasterketa gutxi batzuetan parte hartzea aurreikusi dute, eta Orioko San Nikolas jaietan kros txiki bat antolatzeko asmoa ere badute arduradunek.

Inguruko herrietan gaztetxoen atletismo taldeak ohikoak badira ere, orain arte Orioko ikastetxeetan atletismoaren inguruko aukera murritza izan da. Rubio eta Ziani ikastetxeetako kirol koordinatzaileekin harremanetan jarri dira taldearen berri emateko, eta albistea «oso gustura» hartu dutela azaldu dute. Izan ere, orain arte zailtasunak izan dituzte atletismoko entrenatzaile egokiak aurkitzeko.

Kirola egiteko lagungarri
Herritarren artean bolo-bolo zabaldu da atletismo taldea sortzeko asmoa, eta oriotar asko jarri da antolatzaileekin harremanetan. Guraso askok galdetu digute ea gaztetxoak lasterka jarriko ditugun. Adin horietan ezin dira haurrak distantzia luzeak korrika egiten jarri, hurrengo egunean ez baitira bueltatuko entrenamendura. Horregatik, jokoen eta ariketen bidez diziplina desberdinak landuko ditugu, parte hartzaile bakoitzak bere gustukoa zein den ezagutu dezan.

Azaroa inguruan, kros garaian, lasterketetan parte hartu nahi duten 10 urtetik aurrerakoak horretarako prestatuko dituzte, eta pista garaian beste diziplinak sakonduko dituzte. Antolatzaileen iritziz, atletismoko teknikak ezagutzea lagungarri izan daiteke beste hainbat kirol lantzeko garaian: Teknika egokia izanda errazago egiten baita korrika.

ENTRANEMENDU IREKIAK

Irailak 25. 12 urtetik aurrerakoentzat saio irekia egingo dute, 17:00etatik 19:00etara, frontoian.
Irailak 28. 8-12 urte bitartekoei zuzendutako saioa, 17:00etatik 19:00etara, frontoian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!