Jon Albizu: "Antzekotasun handia nabari dut 2007 eta 2017 denboraldien artean"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2017ko ira. 7a, 18:27
Orio Arraun Elkarteko arraunlari Jon Albizu. (Aiora LarraƱaga)

Orioko txalupak 2007an irabazi zuen azkenekoz Kontxako Bandera; aurten, traineruak egin duen denboraldia ikusita, bandera irabazteko aukera badutela uste dute oriotarrek.

2007an, duela hamar urte, irabazi zuen Orio Arraunketa Elkarteak azkeneko aldiz Kontxako Bandera. Jon Albizu (1979, Zarautz) arraunlaria da orduko arraunlarietatik Orioko traineruan arraunean jarraitzen duen bakarra.

Nola gogoratzen duzu 2007 arraun denboraldia?
Denboraldi oso ona izan zen, Joxean Olaskoaga Aizperro entrenatzaile genuela. Aurreko urteko taldea aldaketa handirik gabe mantendu zen, eta 2007an taldea trinkotu egin zen. Emaitzak oso onak lortu genituen ligan zehar, eta gure arteko giroa primerakoa zen. 
Arraun mailari dagokionean oso parekatuta geunden hainbat arraun talde. Urte horretan Urdaibaik irabazi zuen liga eta bizkaitarrak ziren Donostiako Estropada irabazteko faborito nagusiak, azkenean, ordea, guk irabazi genuen Kontxako Bandera.

Nola joan zen 2007ko Kontxako Estropada hura?
Lehen jardunaldian gu lehen txandan atera ginen, eta Urdaibai bigarrenean. Gure txanda aise irabazi genuen, eta ordura arte Oriok Kontxako Estropadan egin zuen denborarik onena egin genuen, 19:16,00. Urdaibairi 11 segundo atera genizkion lehen estropadan, eta bigarren jardunaldian ohorezko txanda irabazi genuen. 

2007an ere oriotarrak aspaldian Kontxako Bandera irabazi gabeak ziren. Nolakoa izan zen oriotarren ongietorria?
2000. urtean irabazi zuen Oriok azkenekoz Kontxako Bandera, eta ongietorria ahaztezina izan zen; zaleak eta arraunlariak pozez gainezka ginen.
 
Hamar urte pasatu dira ordutik eta zuk taldean jarraitzen duzu.
Bai, orduan 27 urte nituen eta orain hamar gehiago. Denbora tarte horretan arrauna utzita ere egon naiz; aurreko bi urteetan ez dut arraunean egin, eta aurten heldu diot berriro. Denboraldi hasieran Jon Salsamendi entrenatzaileak deitu zidan Orion arraunean egitea proposatzeko. Talde polita bildu zela ikusi nuen, eta gogoa nuen Salsamendi bezalako entrenatzaile baten gidaritzapean arraunean egiteko, ezagutzen bainuen beste taldeetan egin zuen lana.

Denboraldi hasieran espero al zenuen horren emaitza onak lortzea?
Zalantza asko nituen. Hondarribia gainontzeko taldeen gainetik egotea espero nuen, taldea eta entrenatzailea mantendu baititira aurreko urtetik. Urdaibairekin dudak nituen, taldean hainbat aldaketa izan zituzten, eta ez nekien nola ibiliko ziren. Orio, berriz, dinamika txar batetik zetorren eta hainbat aldaketa egin ziren horri buelta emateko: entrenatzailea, patroia eta arraunlariak. Guk uste genuen ohorezko txandan ibiltzeko aukera genuela, eta une jakinetan muturra sartzeko gai izango ginela. Dena dela, taldea lehiakorra zela eta urtean zehar izan genuen prestaketa eta neguko emaitzak ikusita, ohartu ginen traineruak azkar ibiltzeko aukera zuela.

Arraunlarien artean duela hamar urte Kontxako Bandera irabazteko zenuten ilusio hori antzematen al duzu?
Antzekotasun handia nabari dut bi denboraldien artean. Orduan ere garai txar bat igarotzetik zetorren Orio, hainbat urte pasatu ziren banderarik irabazi gabe, eta urte hartan arraunlariak oso motibatuta geunden, bandera gosez. Aurten ere egoera antzekoa da, taldeko arraunlari askok ez dute inoiz Kontxako Banderarik irabazi, eta ilusioa eta grina piztu da arraunlarien eta zaleen artean; horrek indar berezia ematen digu estropadari begira.

Dena dela, 2007an ez bezala, aurten aurkariak aurretik dituzue. Bandera irabazteko itxaropenik ba al duzue?
Bederatzi segundo ateratzen dizkigu Urdaibaik. Hala ere, aurreikuspenen arabera itsaso nahasia izango da, eta guk frogatu dugu itsaso zakarrarekin oso lehiakorrak garela. Itsaso handiarekin bederatzi segundo ez da ezer, olatu batek estropadari buelta eman diezaioke, aukera badugula uste dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!