karkara.eus

Karela Festa egingo dute kiroldegian Juneren Hegoak elkarteari laguntzeko

  kirola  Orio

Irailaren 23an, larunbatean, izango da festa eta, urtero bezala, haur eta helduentzat jarduerak izango dira.

Irailaren 23an Juneren Hegoak elkartearen aldeko Karela Festa egingo dute Orioko kiroldegian. Triatloi Indoorra, Padel Txapelketa, eta Ciclo, Jump eta Zumba saioak egingo dituzte; horrez gain, haurrentzat uretako puzgarriak, jolasak eta zozketak ere izango dira.

Padel txapelketa haurrentzat eta helduentzat izango da, egun osoan zehar. Izen-emateen arabera antolatuko dituzte partidak. Horrez gain, 15:00etatik aurrera jarduera ugari egingo dituzte etxeko guztientzat.

Haurrentzat, saskibaloi jaurtiketa lehiaketa egingo dute 15:00etan eta uretako puzgarriak jarriko dituzte 15:30etik aurrera. Puzgarrietan jolasteko igeri egiten jakitea derrigorrezkoa izango da. 16:30ean, bederatzi eta hamabost urte bitartekoentzako indoor triatloia egingo dute. Triatloian parte hartu nahi ez dutenek rokodromoan eskalatzeko aukera izango dute 16:45etik aurrera. Haurrentzako jolas eta tailerrak ere izango dira 18:15etik aurrera.

Helduentzat ere saskibaloi jaurtiketa lehiaketa eta indoor triatloia egingo dituzte. Helduen triatloia 15:30ean hasiko da eta hauek dira egin beharreko distantziak: 1.200 metro korrika, 2.500 metro bizikletan eta 1.000 metro ergometroan. 18:15etik 19:00etara zumbatoia egingo dute.

Jump-ciclo maratoiak ere egingo dituzte. Oinarrian musika duten diziplinak izanik bi jarduerak elkartuko dituzte. 17:30etik 18:15era haurrentzako izango da eta 19:00etatik 20:00etara helduentzako.

Urtero bezala, zozketa solidarioak ere egingo dituzte. Sari mordoa izango dituzte, horien artean, arraunlariek sinatutako Orio AEko, futbolariek sinatutako errealeko kamiseta eta herriko dendek emandako sariak. Horrez gain, egunaren amaieran parte-hartzaileen artean beste zozketa bat egingo dute: esfortzu proba Arraunetxeko instalazioetan.

Prezio sinbolikoak festa solidarioan

Karela festan ateratako dirua Juneren Hegoak elkarteari laguntzeko izango da. Gaixotasunak dituzten haurren familiei laguntza emateko sortu zuten elkartea bi urteko alaba galdu zuen bikote batek. Beren helburua haurren gaixotasun, heriotza edo dolu esperientzia bizitzean kalteberatasun egoeran dauden familiei babesa emateko laguntza sare bat sortzea da.

Horretarako, egunean zehar egingo diren jardueretan parte hartzeko prezio sinbolikoa ordaindu beharko dute herritarrek. Zozketako txartelek 2 euroko prezioa izango dute, padel txapelketako izen-emateak 6 eurokoa eta jump-ciclo maratoiak 3 eurokoa. Gainontzeko jardueretan parte-hartzeko 3 euro ordaindu beharko dira.

Urtero bezala, Orioko Caixabankek diruz lagundu du ekimena, Gizarte Ekintzaren bitartez: 3.000 euro jarri ditu banketxeak jaialdia egiteko.

Karela Festako jardueren inguruko informazio zehatza jaso edo izena eman nahi dutenek, orio@bpxport.eus helbidera idatzi edo 943-894428 telefono zenbakira hots egin dezakete.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa