Talaimendi txaranga indartzea helburu

Karkara 2017ko ira. 14a, 16:41

Haizezko musika tresnak jotzen dituzten Orioko gaztetxoak Talaimendi txarangan parte hartzera animatu nahi dituzte; "ilusioa eta gogoa" izatea da parte hartzaileen ustez giltza.

Orioko Talaimendi txarangak herriko kaleak girotu ohi ditu ospakizunetan. Uda sasoian esaterako, arraunlariei egin zaizkien ongietorrietako soinu banda jarri du taldeak, herria festa giroan murgilduz. Dena dela, azken urtetan txarangako kide kopurua gutxituz joan da, eta taldea indartzeko deialdi irekia egin dute musika-tresnak jotzen dakiten oriotarren artean. Egun hamabost lagunek osatzen dugu txaranga, baina denok elkartzeko arazoak izaten ditugu. Eskarmentu handia duten kideak ditugu taldean, eta horiek beste txarangetako kideekin harremana dutenez, hainbat musikari laguntzera etortzen zaigu Hernaniko eta Andoaingo txarangetatik. Horregatik, herriko gazteak erakarri nahi dituzte txarangara, harrobia sortzeko eta Talaimendi txarangari bultzada emateko.
 
Bestalde, txarangak herrian duen presentzia ere handitu nahi dute. Askok arraun munduarekin lotzen dute txaranga, baina gustatuko litzaiguke Orioko Udalak beste jaietarako ere txaranga kontuan izatea. Ostiraletako pintxo-potea esaterako, txaranga hots alaiarekin erakargarriagoa izango litzatekeela uste dute.

Talaimendi txarangan parte hartzeko gogoa eta ilusioa dira parte hartzaileen iritziz garrantzitsuenak. Txarangako musika tresnaren bat jotzen jakin behar da, gutxieneko ezagutza izan. Dena dela, taldearekiko konpromisoa izatea oso inportantea dela nabarmendu dute. Entseguetan parte hartzera, eta ahal den heinean gazteak kalean jotzera animatu nahi ditugu. Hasieran lotsa izatea normala izaten da, baina denborarekin hori desagertu egiten da, taldearen babesean errazagoa baita jendaurrean jotzea.
 
Belaunaldi aldaketa
Orioko txarangak ibilbide luzea du, eta bertatik sortu dira Euskal Herriko beste hainbat txarangetan eta bandetan parte hartzen duten musikariak ere. Dena dela, belaunaldi aldaketa gertatu zen taldeko zuzendaritzan: 2013. urtean gazte talde bat sartu ginen txarangan, eta taldearen gidaritza hartu genuen. 2013ko San Nikolas egunean Talaimendi txaranga elkarte moduan sortu genuen, eta lehen bi urtetan oso indartsu ibili ginen, baina beheraldia gertatu da; horregatik erakarri nahi ditugu gazteak. Jakin badakite Danbolin Musika Eskolan asko direla haizezko musika tresnak jotzen dituzten gaztetxoak, eta horiek ere taldera bideratu nahi dituzte. Irakasleekin hitz egin dugu neska-mutilak txarangan parte hartzera zuzendu ditzaten, ea animatzen diren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!