Euskal Herriko arraun surf zirkuitoko froga bat jokatuko da Orion

Karkara 2017ko ira. 18a, 11:31

Urriaren 7an egingo da txapelketa errioan, larunbatarekin, eta programa zabala antolatu dute egun guztirako.

Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) eta Gipuzkoako Surf Federazioak (GSF) arraun surf txapelketa bat antolatu dute Orion, urriaren 7rako. Modalitate honetan, bi eratako lehiaketak izaten dira: ohiko surf txapelketetan bezala, olatu artean maniobrak egiten lehiatzen dira batzuk, eta ibai edo itsaso zabalean estropada estiloan besteak.

Orion egingo den txapelketan, 80 parte hartzailetik gora espero dira errioan gora eta behera arraunean. Parte hartu nahi dutenek, urriaren 6a baino lehenago eman behar dute izena. Lehia honetaz gain, estropada popularra ere antolatu dute, presiorik gabe arraun egin nahi dutenentzat. Hauek, txapelketa egunean bertan eman dezakete izena. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, sariak berdinak izango dira emakumezko eta gizonezkoentzat.

Programa zabala egun guztirako

Gipuzkoako Surf Federazioko zuzendaritza berriak  "Feder-arte Kultur Surf" programa jarri zuen martxan, duela hilabete batzuk. Ekimen honekin, surfa kulturarekin uztartu nahi dute, kirol gisa indartzeaz gain. EkaineanZarauzko munduko surf txapelketan egin zuten bezala, hainbat jarduera antolatu dituzte Orioko arraun surf lehiaketarako: "arraun surflari aizkolaria" erakustaldia, skate saioa, surf filmen proiekzioa eta kontzertuak Etxeluze Gaztetxean, Kalefit-ekin kirol saioa,...

Antolatzaileek hil honen amaieran emango dute argitara programa osoa, Arraunetxen eskainiko duten prentsaurrekoan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!