Zaragueta Eskola euskaraz irakasten hasi zela 40 urte beteko dira aurten, eta ekitaldi berezia egingo dute ostiralean

Karkara 2017ko ira. 18a, 17:45
Zaragueta Herri Eskolako ataria.

40 urtetako bide luzean parte hartu duten familiak, langileak, ikasleak eta oriotarrak gonbidatu dituzte ekitaldira.

Euskal Autonomi Erkidegoko eskoletan 80ko hamarkadan hizkuntza ereduak ezarri aurretik, Orioko Zaragueta Herri Eskolan haurrak euskaraz hezi eta hazteko beharra eta gogoa piztu zen 70. hamarkadan. Zaragueta Eskolatik adierazi dutenez, familien, eskolako langileen eta beste hainbat lagunen “borroka eta lanari” esker euskaraz irakasten hasi zen Orioko eskola. Aurten beteko dira 40 urte Zaragueta Herri Eskolan lehen ikasle taldeak bere ikasketak euskara hutsean egiteko aukera lortu zuenetik. Ordutik hona ere bidea gorabeheratsua izan da, zaila, oztopo eta une gazi-gozoz betea. Baina merezi izan du, adierazi dute.

Herritar haiek ereindako haziari esker, harro esan dezakegu Zaragueta Herri Eskolan Orioko haurrak euskara hutsean hezten eta hazten ditugula. Horregatik , 1977an hasitako bidearen 40. urteurrena ospatuko dute ikasturtean zehar.

Ikasturte osoko egitaraua
Zaragueta Eskolako komunitatea ikasturte osorako egitaraua prestatzen ari da, baina ospakizunei hasiera emateko ostiralean 17:00etan ilusio handiz prestatu duten hasiera ekitaldia ospatuko dute Zaragueta Eskolan. Hazia erein zenutenak, 40 urtetako bide luze honetan partaide izan zareten familiak, langileak, ikasleak, eta oriotarrak gonbidatuta zaudete. Zatozte ospatzera, zer ospatua badago eta!.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!