Irati Agirre: "Ezagutzen ez dutenek Pole Dance-aren inguruan aurreiritzi asko dituzte"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko ira. 20a, 17:54
Irati Agirrek erakustaldia egin zuen Sabadellko Udalak antolatutako Kirol Egunean.

Irati Agirrek nazioarte mailako Pole Dance txapelketan parte hartuko du asteburuan. Herritarren artean ezezaguna den kirola izan du hizpide oriotarrak.

IRATI AGIRRE - Pole dantzaria

Horrelako lehia batean parte hartzen duzun lehen aldia izango al da?
Bai, Pole Dance-ko txapelketa batean parte hartzen dudan lehen aldia izango da. Asteburuan Arnold Clasic Europe kirol azoka egingo dute Bartzelonan, eta horren barruan Pole Dance txapelketa antolatu dute. Nik bi urte daramatzat Pole Dance-a egiten, eta aurten txapelketan parte hartzera animatu naiz.

Pole Dance-ren barruan diziplina desberdinak al daude?
Ezagutzen ez dutenek Pole Dance-aren inguruan aurreiritzi asko dituzte. Askok takoiak jantzi eta arropa gutxirekin barra baten inguruan dantza egitea dela uste dute. Dena dela, Pole Dance-a kirola da, eta bi diziplinetan banatzen da. Bata Pole Exotic deiturikoa, eta bestea, nik egiten dudana, Pole Sport izenez ezagutzen dena; azken horretan helburua da ikuskizun ikusgarri bat osatzea akrobaziak eta koreografia uztartuta. Maila desberdinak daude, eta ni profesional mailan lehiatuko naiz; lehiakideok puntuak lortzeko figura edo akrobazia jakin batzuk egin behar izaten ditugu, malgutasuna eta indarra erakusteko.

Pole Dance-ak entrenamendu handia eskatzen al du?

Kirola bera oso exijentea da, eta muskulu abdominaletan eta besoetan indar asko izan behar da, baita norbere gorputzaren kontrola eta malgutasun handia ere. Entrenamenduak norberaren helburuen araberakoa izan ohi dira. Amateurrek, Pole Dance-a denbora pasa moduan egiten dutenek, sasoian jartzea eta ondo pasatzea izaten dute helburu, eta horiek ez dute entrenamendu saio berezirik egin beharrik.

Nik bestalde, barran egiten ditudan entrenamenduez gain, gimnasioko prestaketa ere egin behar izaten dut, batez ere lesioak saihesteko. Kirol hau nahiko berria da, eta ohartu naiz goi mailan dabiltzanak beste kirol batzuetatik datozen kirolariak direla, gimnasia artistikoa edo baleta egin dutenak esaterako.

Nola murgildu zinen zu Pole Dance-aren munduan?

Niri beti gustatu izan zait kirola egitea, eta hainbat kirol diziplinetako irakaslea ere izan naiz Zarauzko Kiroldegian. Pole Dance-aren berri izan nuenean probatzeko grina sartu zitzaidan, eta horrela murgildu nintzen kirol horretan. Pixkanaka, ondo moldatzen nintzela ohartu nintzen, eta sakontzen jarraitu dut. Duela urte bete nire Pole Dance eskola ireki nuen Bartzelonako Sabadell hirian, eta oso gustura nago.  Gero eta herritar gehiago animatzen da Pole Dance-a egitera. Izan ere, Pole Dance-a egiten dutenak indartsu eta eder sentitzen dira era berean, eta konturatu naiz norbere buruan konfiantza berreskuratzeko ere balio diela askori. Bada jendea kirola egitea edo gimnasiora joatea atsegin ez duena, baina Pole Dance-ak harrapatu egin ditu, kirola egiteko beste modu bat eskaintzen duelako.

Euskal Herrian oraindik ezezaguna da Pole Dance-a.

Bai, Katalunian ere ezezaguna da, eta jende askok ez du kirolarekin erlazionatzen. Dena dela, pixkana aurreiritziak apurtzen ari dira, eta probatzen dutenak ohartzen dira sasoi oso ona izan behar dela hori egiteko. Nik Euskal Herria asko maite dut, eta egunen batean etxera bueltatzeko asmoa dut. Horregatik, datozen urtetan Euskal Herrian Pole Dance-a ezagutzera emateko ikastaro edo saioren bat ematea gustatuko litzaidake. Lagun eta ezagun askok sare sozialen bidez jarraitzen dute nire ibilbidea, eta aipatu didate beraiek ere probatu nahiko luketela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!