Kolore horia aldizkariko azalean

Karkara 2017ko ira. 27a, 12:34

Orioko txalupak aurten Kontxa irabazi duenez, hori kolorekoa izango da 387. zenbakiaren azala, gorria beharrean.

Oraintxe bidali dugu hil honetako KARKARA inprentara. Ostiralean jasoko duzuen 387. zenbakirako, ohitura zahar bat errekuperatu dugu: Orioko txalupak aurten Kontxa irabazi duenez, hori kolorekoa izango da aldizkariaren azala, gorria beharrean.

1992. urtean hasi ziren KARKARAren azalean hori kolorea sartzen; nahikoa modu kuriosoan, gainera. Orduko "karkariñoek" kontatu digutenez, 14. zenbakiaren azalerako txuri beltzeko argazki bat aukeratu zuten, formatu bertikalagatik ondo egokitzen zelako. Ordea, herriko traineruak Kontxa irabazi zuenez, kolore horia nahi zuten sartu azalean nolabait; pintzel fina eta akuarela hartuta, eskuz margotu zituzten arraunlarien platanoak eta trainerua.

Eskuz margotutako kopia orijinala fotokopiak egiteko bidali zutenean, inprentatik deitu zieten: "aizue, agian laranja kolorea hartuko du hori horrek makinetatik ateratzean...". Kotxea hartuta, erredakzioko bi kide txistu batean joan ziren inprentara, probak ikusi eta horiak, benetan hori kolorea zuela beren begiekin frogatzera.

1992ko urrian ateratako 14. zenbaki hartatik 25 urte bete direnez, anekdotatxo hau ekarri nahi izan dugu gogora. Haiek bai garaiak! 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!