Gune Irekiaren Lagunen topaketa egingo dute Etxeluze gaztetxean

Karkara 2017ko urr. 18a, 13:27

Gai orokor baten inguruan parte-hartzaileek landu nahi dituzten gaiak proposatzen dituzte, eta jardunaldian zehar horiek lantzen dira talde txikitan.

Gune Irekia gaiak taldean lantzeko metodologia da, oinarrian irekia dena eta estruktura bat jarraitzen duena. Gai orokor baten inguruan parte-hartzaileek landu nahi dituzten gaiak proposatzen dituzte, eta jardunaldian zehar horiek lantzen dira talde txikitan.

Etxeluze gaztetxeak Gune Irekiaren lagunen topagunea hartuko du urriaren 21ean eta 22an, eta bi egunetan metodologia hori erabiliko dute zenbait gai lantzeko. Normalean gai baten inguruan egiten dira gune irekiak –dio antolatzaileetako batek–; Orion egingo dugunaren berezitasuna landuko den gaia Gune Irekia bera izango dela da.

Bi egun iraungo ditu topaketak eta estruktura antzekoa jarraituko dute bietan, gune irekiaren estruktura: goizean, lehen tartean metodologia azaltzen da eta elkarrizketarako gaiak jasotzen dira. Espazio horri merkatua deitzen zaio: orma batean ordutegiak, espazioak eta gaiak antolatzen dira. Horrela, taula bat betetzen da eta egunean zehar elkarrizketak gertatzen doaz aurrez finkatutako ordutegi eta lekuetan. Gune irekiari buruzko jardunaldia denez, aurrez zehaztutako gai bat landuko dugu: gune irekia.

Topagune hau guztiz irekia da parte hartu nahi duen ororentzat, urriaren 21 eta 22an –edo bi egunetan– Etxeluzera joatea besterik ez du egin behar parte hartu nahi duenak. Eskualdean dauden talde edo elkarteak ere gonbidatu nahi ditugu parte hartzera, asanbladan lan egiten dutena, adibidez. Talde askori metodologia hau interesgarria irudituko zaiela uste dugu.

Izen-ematea eta egitaraua

Topagunean parte hartzeko izena eman nahi duenak taula hau bete edo bosonos13@gmail.com helbidera idatzi beharko du. Hau da bi egunetako egitaraua:

Urriak 21, larunbata –9:30-18:30–:

  • 9:30 - harrera
  • 10:00 - irekiera eta eguneko agenda osatzea
  • 11:00-13:30 - Zeintzuk dira gure gai handiak eta nola eragin horietan? Txokokako elkarrizketak, (1 eta 2).
  • 13:30-15:00 - bazkaria
  • 15:15 - Goizekoaren laburpen printzak
  • 15:30-18:00 - Nola hobeto bideratu Gune Irekikoak? Metodoan sakontzeko txokoak (3 eta 4).
  • 18:00 - arratsaldeko agurra
  • Oondoren, parte hartzaileek proposatutakoaren arabera, jarduera bereziak izango dira
  • 19:00 - Jai autoeratua

Urriak 22, igandea –9:30-14:00/17:00–:

  • 9:30 - harrera
  • 10:00 - goizeko berriak eta bezperako txostenak
  • 10:30 - txostenak begiratzeko denbora eta i-bilerak  
  • 11:30 - Zer egin nahi dugu gure gai potoloetan eragiteko? Ekintza proposamenak agendaratzea.
  • 12:00-13:30 - ekintza proposamenen azoka (1 eta 2, txanda bitan)
  • 13:30 - itxiera zirkulua
  • 14:00-15:30 - bazkaria eta tokia atontzea

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!