Rafel Muel: "Izugarria da Euskal Herria Katalunari erakusten ari zaion solidaritatea”

I. Gaiton 2017ko ira. 30a, 12:43

Rafel Muel kataluniarra 2013ko irailean etorri zen Oriora bizitzera, krisiak han zuen lan egoera belztu ostean. Batzuek, hondartzatik ezagutuko dute “Rafa”, askotan jarduten baita erdiko txiringitoan gitarrarekin "l´estaca" , rumbak edo beste kantu asko jotzen. Musika albora utzita, Kataluniako egoera politikoaz aritu gara berarekin.

- Sí al futur eslogana duzu watxapeko perfilean.

Bai, noski. Beren etorkizuna erabaki nahi duten herrialdeei, ezin zaie autodeterminazio eskubidea ukatu.

- Noiz entzun zenuen lehenengoz erreferendum hitza?

2012. urte inguruan izango zen. Orduan hasi zen procés delakoa gizartean pisua hartzen eta zabaltzen. Hala ere, orain baino intentsitate gutxiagorekin bazen ere,  independentziaz betidanik hitz da nire inguruan.

- Zure familia eta lagun asko Katalunian bizi dira. Zer diote?

Familian, denak baiezko botoa ematekotan dira. Lagunen artean, denetik dago. Asko, duela hamarkada batzuk  Espainiatik immigratutako jendearen seme-alabak dira, eta ez ziren indepeak lehen. Azken urtetan, ideia aldatu dute. Erabakitzeko eskubideaz gain, baiezkoaren aldeko botoa aldarrikatzera pasa dira.  

- Espainiako hedabide askok saltzen diguten bezain handia al da procésak eragin duen haustura soziala?

Ez. Orokorrean, elkarbizitza ona da iritzi ezberdineko jendearen artean.

- Katalunian bada erreferendumaren aldeko jendea, baina bermerik ez duela-eta,   igandekoa defendatzen ez duena. Zer esango zenieke?

Espainiako Gobernuaren jarrera ezagututa, ez dagoela beste aukerarik. Proposamen orori ezezkoa eman diote beti. Ahal den bezala egingo da bihar.   

- Estelada eta baiezkoaren aldeko ikurrak dituzu balkoian. Orion jaso al duzu jendearen babesik?

Bai. Orion, eta Euskal Herrian orokorrean, solidaritatea izugarria da. Kataluniako eta Euskal Herriko egoerak guztiz ezberdinak izan arren, biok helburu beragatik ari gara borrokan. Orain euskaldunak zaudete Kataluniara begira, baina lehen, urte askotan, alderantziz izan zen. Sentimendu konpartitua dugu.

 

 

- Zer sentitzen duzu Kataluniako azken egunetako gertaerak urrutitik jarraituta?

Amorru handia. Bertan egon nahi nuke, baina ezin dut, lanagatik. Ziurgabetasun handia dago. Gauza nola gaiztotu den ikusita, pena ere sentitzen dut. Espainiako Gobernua, beste behin, inpunitate osoz ari da jokatzen. Ez da bidezkoa.

- Egin dituzten mugimenduak ikusita, beldurtuta dirudite.

Bai, dudarik gabe. Katalunian Parlamentuak erabaki du ondorioei erreparatu gabe prozesua azken muturreraino eramatea, modu demokratiko eta erabat baketsuan. Harrituta nago Kataluniako agintari askoren ausardiarekin. Aurrera eta aurrera ari dira. Horrek beldurtzen ditu espainiarrak.

- (...)

Katalunian, leku guztietan bezala, badira konpondu beharreko gauzak. Baina prozesuari dagokionean, uste dut ia gauza denetan asmatu dela. Agintari kataluniar gehienak, hartutako konpromisoak betetzen ari dira.

- Aukera historikoa da igandekoa.

Halaxe da, bai.

- Egingo da al da erreferenduma?

Kataluniarroi gustatuko litzaigukeen bezala ez, baina bozkatuko da. Ez dakit ze dimentsio izango duen kontsultak, baina kataluniarron borondatea eta mezua argi geratuko dira. Hori da helburua. Proiektatuko den irudiak indar izugarria izango du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!