Lehen Sup Race txapelketa jokatuko da larunbatean

Karkara 2017ko urr. 2a, 21:10

Euskal Herriko Surf Federazioak eta Orioko Udalak elkarlanean antolatu dute eguna. Kirolaz gain, askotariko ekimenak eskeiniko dituzte.  

Arraunetxean egindako agerraldian aurkeztu dute larunbatean egingo den Sup Race txapelketa. Orio “berrikuntza askoren eszenatoki” izango dela esan dute antolatzaileek, eta kirol probez gain, kultur ekimenak ere antolatu dituzte; Super Orio Fest jaialdiaren baitan.

Kirol frogei dagokienez, Euskal Zirkuituko bosgarrena izango da larunbatekoa. Arratsaldeko 17:00etan emango diote hasiera frogari, Arraunetxean eta plazan. Federatu gabekoek ere izango dute parte hartzeko aukera, parte-hartzea bultzatzeko egingo den kategoria herrikoian. Lasterketan kamiseta horiarekin joateko deia luzatu dute antolatzaileek. Kategoria herrikoiaren izen-ematea larunbatean bertan irekiko da, eta federatuek aldiz, www.wavesores.net webgunean dute izena emateko aukera.

Hala ere, larunbatekoa ez da kirol froga hutsa izango. Super Orio Fest Jaialdian hainbat kultur ekimen izango dira. Sup egokituaren jardunaldiarekin emango diote hasiera egunari, Orioko Berdin-berdinaken eskutik. Axi Muniainek Sup skateren erakustaldia egingo du ondoren. Kalefit-en hirugarren urteurrena ospatuz, kirol eta elkartasun ekitaldi bat ere egingo dute plazan, ordu berean, Siriako errefuxiatuei laguntza emateko. Bestalde, txapelketa batean lehenego aldiz Iñigo Landak berak izendatutako sup-aizkolari modalitate berria erakutsiko du. Horrez gain, Gipuzkoako Surf Federazioak bere irudi berria aurkezteko baliatuko du eguna.

Arratsaldean, Euskal Herrian Itxastresna surf oholak egiten aitzindari izan den Patxi Oliden Oriotarrari Mikel Agotek EHSFren saria emango dio. Salatxo aretoan aldiz, Erreplika eta Orio, itsasoa eta industrializazioa film laburrak ikusteko aukera izango da, Iñigo Gaitonek aurkeztuta. Barbakoaren ostean, Entre Canyes, Polybius eta Ereje Fighters reggae kontzertuek girotuko dute iluntzea plazan, eta Dj Largo, Eddie Mae eta Dj Vila XXXk Errusta, Kalakari eta Hatoz tabernetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!