Garaipen historikoa Kontxako badian

I. Gaiton 2017ko urr. 3a, 16:15

Aurten, hamar urte betetzera zihoazen txalupa horiak Kontxa irabazten ez zuela; garaipen batetik besterako lehorterik handiena izan da. Irailaren 10ean, ordea, historia era historikoan iraulita irabazi zuen Oriok bere palmareseko hogeita hamabigarren Kontxako Bandera.

Aurreneko igandean galdutako segundoak, haize ufada zakarrak, olatu handi eta nahasiak... Badira nahikoa osagai Orioko txalupak Kontxan lortutako garaipena luzaroan gogoratzeko. Estropalariek lehen igandean marka giroa izan bazuten, baldintzak beste muturrekoak ziren bigarrenean.

Txalupa nibelatuta ekartzen badeu, gainetik pasako dizkiu!, entzun daiteke Jon Salsamendi entrenatzailea larunbateko entrenamenduan, watxapean tximista baino azkarrago zabaldu zen bideo batean. Trainerua olatu gainean ikusten da, poparean oso fin, abiada bizian. Puntu hori baino pixka bat barrurago hartu zuten, bigarren igandean, bandera irabazten lagundu zien olatu aldia.

Oriotar askok bezala, Haritz Larburu herritarrak Aquarium ondotik ikusi zuen, nerbioek akabatu beharrean, trainerua olatu aldi historikoan irristaka: Aurreneko olatua gu baino atzeraxeago hartu zuten, segidan bestea, bestea...  Bermeoko txaluparekiko tartea hazten zihoala ikusita, zoratzen hasi zen. Urdaibairi 21 segundo ateratzen genizkiola entzutean, ikaragarria izan zen emozioa, sinestezina. Korrika jaitsi zituen Aquariumeko eskailerak arranplara bidean, beste oriotar askoren korrika saio, besarkada, garaipen oihu eta malko artean. Karkarak egindako Galerna Horia bideoak ondo islatzen du momentu horretako zoramena. Inork ikusi nahi badu, Youtuben dago zintzilik.

Arranpla horia

Aspaldi ez bezala, horiz jantzi zen irailaren 10ean Donostiako arranpla. Egun horretako argazkietan ageri diren arraunzale gazteetako batzuekin batera, Haritzek Indar Horia peña sortu zuen iaz trainerua estropada guztietan animatzeko. Momentu txarretan hor egon baginen, onetan, are gusturago! Bigarren igandean, bainujantzia zeraman galtza luzeen azpitik, irabazi edo ez, uretara sartu eta estropalariak animatzeko.

Arraunlariak 32. Kontxako Bandera txalupan hartuta hurbildu zirenean, Haritz izan zen mutilak besarkatu zituen lehen zalea, gorputza gerrirainoko uretan zuela. Ez zen, ordea,  putzutara sartu zen oriotar bakarra izan. Orain dela urte asko egindako promesa betetzeko, ez zuten beste erremediorik izan Maria Eugenia Etxeberriak eta bere lagun min batek. Iñigo semea arraunean hasi zenean, oso gazte, inoiz Kontxa irabazten bazuen arranplan uretara sartuko ginela hitzeman genuen. Kamiseta hori eta guzti blaitu zuten gorputz guztian bor-bor zuten poza, lorpena ospatzeko.

Arranplako giroa ikaragarria izan zen. 16 eta 20 urte bitarteko oriotar gazte asko bildu ziren, zoratzen. Jenerazio horretako neska mutilak ume kozkorrak  ziren Oriok azken Kontxa irabazi zuenean. Goxoki gehiago janda ospatuko zuten, ziurrenik, hogeita hamaikagarrena; zerbeza eta sagardo botilak eskuan, aurten beste tankera bat zeukan beren garaipen festak.

Arranplako bazter batetik, harrituta begiratzen zieten gazte hauen kantuei, builei eta algarei Maren Gonzalez de Txabarrik eta Daniela Bernedok. Beren bederatzi urterekin, ondo ulertzen zuten ospatzen zenaren arrazoia, baina txundituta ziruditen, euforia eta jendearen zoramenaren intentsitatearekin. Auskalo Orioren 33. Kontxako Bandera nola ospatuko duten bi neska motzek; piruleta bana eskuan dutela, edo tabernetan, bafleren baten azpian dantzan.

Estropadak ezin ikusi

Oriotar askori gertatzen zaie: estropadak ikusi nahi, baina ezin, nerbioengatik. Bigarren igandean, trainerua uretaratu aurretik semea agurtu eta Boulevard aldera joan zen Maria Eugenia, denbora egitera. Hortik pixkatera, orduagatik estropada bukatuko zela pentsatuta, portura itzuli zen. Balkoi batetik egindako builak eman zion garaipenaren berri: Oriorena da bandera! Sinetsi ezinda egin zuen korrika arranplaraino.

Arrazoi guztiz ezberdinengatik geratu zen estropada ikusi gabe Joxe Mari Olasagasti, azken hogeita hamar urtetan Donostiako zitan kale egin ez duen herritarra. Esloveniatik bueltan zetorren egun horretan, Javier Puertasekin batera, honi aulki mugikorreko mundiala jokatzera lagundu ostean. Hauxe da emailez Karkarari egindako kronika, osorik.

Frankfurteko aireportuan, wifia harrapatu nahian. Estropada bai, ez, bai... Halako batean, neskak erlojupean… 11:20ean hegazkinera, Frankfurt-Bilbo. Beraz, konexiorik ez. Kontxa jokatzen, eta gu zeruan, ezer jakin gabe. Burua Donostian… Bilbon lur hartu, 13:10ean, pistan telefonoa piztu eta ‘klink’, kobertura. Ostia, 14 watxap mezu! Hau ez da normala. Bat ireki eta AUPA ORIO!, besteak ere bai, eta hurrengoak… Baina zer pasa da? Halako batean: kristorena, Urdaibairi 24 segundo. Orduantxe INFARTOA! Sinestezina! Emozioarekin hegazkineko eserlekuko gerrikoa ezin askatu, eta beste bidaiariak joanda, Javier eta biok bakarrik abioi barruan, telefonoari begira… Ekipajea jasotzera jaitsi, eta zintan aurreneko maleta gurea: Aupa Orio!, nik marrua. Jende guztia harrituta guri begira…

Umetako ametsa

15 urtetik gora daramatza Iñigok, Josu Indo eta Unai Etxeberriarekin batera, bizia arraunari emanda, dio Maria Eugeniak. Emaitza eskaskeko denboraldiak bizi izan dituzte tartean, oso gogorrak. Aurtengo Kontxan, halako batean, lortu dute trapu preziatua astintzea.

Kontxa irabazitakoan, poza ikaragarria izaten da. Kristorena. Baina euforia kabiezin horren atzean, lasaitasun tankerako zerbaitek hartzen dizu burua. Nolabait, arraunean maila gorenera iritsi zarela bermatzen dizun ziurtagiria da Kontxa. Egia bezain tristea da hori. Herriko estropalari ohi bati jasotako hitzak dira, Karkara hau inprentatik atera baino astebete lehenago.

Haritz Larburuk lagun minak ditu Iñigo Mujika eta Josu Indo. Ibon Arruti ere bai. Gaztetan, ia kuadrilla erdiak egiten zuen arraunean, nabarmendu du ironiaz: Julen Agirre, Josu Iribar, Iñaki Verhegge, Gorka Eizmendi, Aitor Olaskoaga, Iñaki Diaz patroia... Urteekin, tostartetik ateratzen joan dira gehienak. Kosta da, baina halako batean, badugu Kontxako Bandera bat kuadrillan! Lagunak umetako ametsa betetzen ikusita, Haritzek ere berea egi bihurtu duela dirudi. Ez da gutxiagorako.

Parean egoteko, arrisku handia

Gizonezkoen estropada ikusgarria izan bazen, emakumezkoenari izenondoak jartzeko kamioiaren bila joan beharko genuke: historikoa, antologikoa, arriskutsua, ikaragarria, bortitza, beldurgarria... Donostiako udaletxean egiten den kale zozketaren aurretik, ondo kosta zen estropada jokatzeko erabakia hartzea, eta neskak mutilak baino baldintza txarragoetan lehiatu ziren erlojupeko formatuan. San Juango txalupak eraman zuen bandera etxera. Oriotarrak bosgarren izan ziren sailkapen orokorrean.

Estropadako baldintzak kontuan hartuz, emakumeek maila oso ona eman zuten uretan. Hori uste du Ibon Gaztañazpi kazetari eta arraunlari ohiak. Hala ere kritikoa da hartu ziren erabaki batzuekin: Itsas kultura maite dugunoi, itsasoari errespetua izan behar zaiola erakutsi digute betidanik. Arrantzaleek, surflariek eta arraunlari izan garenok, ondo dakigu hori. Beldurrak muturra sartzen duenean, akabo, soberan daude beste argumentu guztiak. Estropalari eta entrenatzaileek gero aitortu bezala, ikara pasa zuten uretan. Nire ustez, estropada jokatzeko erabakia hartu zen unean, goizeko 10:30ak aldean, baldintzak ez ziren arraunerako egokiak, ez neskentzat eta ez mutilentzat. Ezin izan zituzten baliza denak jarri, atera kontuak. Gero, 12.00etan bai, baldintzak hobera egin zuten, eta baziren estropada jokatzeko modukoak.

Ibonen ustez, emakumezkoen estropadak irudi ikusgarriak utzi ditu historiarako, baina arrisku gehiegi hartu ziren. Donostiarra txalupako neskek ia istripua izan zuen Santa Klarako arroken aurka. Zer gertatuko zen atzetik beste olatu bat etorri bazitzaien? Nire ustez, mutilen parean egoteko, emakumeek demostratu behar izan zutena gehiegizkoa izan zen. Hartu ziren erabakiak errespetatu arren, ez ditut konpartitzen.

Ezeren gainetik, kiroltasuna

Aurtengo Kontxak oriotarroi harro sentitzeko arrazoi asko eskaini badizkigu ere, horien artean bada derrigor nabarmendu beharreko bat. Orioko nesken txalupak San Juan gainean zuen balizara iristear zirela, eta kiroltasun handiarekin, ziaboga aurretik hartzen utzi zieten, istriborrera baztertuta. Gero, Itziar Olasagastik Astearteko joaldian kontatu zigun bezala, itzulerako luzean olatu pare bat utzi zituzten nahita hartu gabe, bi txalupak erdi trabeska zebiltzala pasaitarrak ez jotzeagatik.

Historiak ondo jasotzen ditu banderak palmaresetan, baina benetako handitasuna, horrelako keinuek ere ematen diote talde bati.

Azken joaldia

Bigarren igandeko olatu zakarrek kolore guztietako txalupak bezala, aurtengo Kontxako estropadak gogor astindu ditu oriotarron emozioak. Inoiz ez du denen gustura euririk egiten, eta itsas baldintzek, kale zozketek edo haize aldaketek ere, ez dute behin ere denen alde berdin jokatuko. Zer egingo diogu ba. Halakoxea da arrauna, eta ditxosozkoa Kontxako estropada; plater berean tradizioa, morboa, goi mailako kirola eta zoria nahasten dituen errezeta zoragarria.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!