Kostaldeko geologia ezagutzeko mapa sortu du Geoparkeak

Karkara 2017ko urr. 4a, 17:00
Baionako CPIE elkartearekin batera sortutako proiektua da. Ikuspuntu geoturistikoa ere kontuan hartu dute. Unitate didaktikoak ere sortu dituzte Zumaian eta Baionan.
Zumaia eta Mutriku arteko labarretako flyscha aski ezaguna da azken urte hauetan egindako dibulgazio lanari esker. Baina, euskal kostaldean flyscha al da nagusi? Edo beste formazio geologiko batzuk aurki daitezke Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiako kostaldean? Galdera horiei erantzun nahian, Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Baionan egoitza duen CPIE erakundeak proiektu komun bat sortu dute, Euskal kostaldeko geologia sinplifikatua izeneko mapa geologikoa, hain zuzen ere.

Euskadi-Akitania mugaz haragoko programaren barruan egin dute proiektua bi erakundeek. “Programa horren baitan CPIE elkartearekin bildu ginen. Elkarte horrek Hendaia eta Donibane Lohizune artean hainbat ekimen egin ditu urteetan zehar, eta bertan egiten dituztenak guk hemen egiten ditugunen oso antzekoak dira: naturaren babesa, hezkuntza sustatzea ikastetxetan, irteerak egitea eta abar. Beraiek ere gurearen antzeko flyscha dute, eta ikusi genuen bazegoela zerbait elkarrekin egiteko aukera”, azaldu du Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak. “Programa horren barruan proiektu txiki hau egiteko aukera izan dugu, euskal kostaldeko mapa geologiko osoa egitea, alegia; Miarritzetik Bilbora bitartekoa, hain zuzen ere”.

Euskal kostaldearen %75 inguru flysch motako haitzek osatzen dutela azaldu du Hilariok, baina, mapa barrualdean ere sartzen denez, beste fenomeno geologiko batzuk ere hartzen ditu: formazio bolkanikoak, uharrietako kareharriak… “Egin dugun maparen helburu nagusia kostaldeko geologia ulertzen laguntzea da”.

Irakurri albiste osoa Urola Kostako Hitzan: http://urolakosta.hitza.eus/2017/10/04/kostaldeko-geologia-ezagutzeko-mapa-sortu-du-geoparkeak/

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!