B. Ibaieta: “Mutiozabalek errio bazterraz gozatzeko aukera eskaini behar die oriotarrei”

I. Gaiton 2017ko urr. 5a, 09:31

Beñat Ibaieta zumaiarra ontziola berreskuratzeko setarekin ibili da azken bizpahiru urtetan, atzera eta aurrera. Eraikina berritu ostean, argi du hurrengo helburua zein den: Mutiozabal Euskal Herriko itsas ondarearen gune erreferenteetako bat bilakatzea.

Beñat Ibaieta
Euskal Bateleroen elkarteko zuzendaria

Teilatua eta paretak egonkortzeko obra amaituta, itxura ederra du ontziolak. Bertan bildu da Karkara Beñat Ibaietarekin. Errio bazter honek duen txoko bakoitzean, xarma eta historiaz gain, etorkizuna ere ikusten du zumaiarrak.  

Nondik datorkizu egurrezko ontziak berreskuratzeko afizioa?

Umetan, eskolara bidean, txalupak ikusten nituen ibaian lotuta, eta atentzioa pizten zidaten. Duela zortzi edo bederatzi urte, ontzi zahar bat erosteko aukera suertatu zitzaidan, eta gozatu egiten nuen hura konpondu eta txukuntzen. Aldi berean, Zumaiako Beduola elkarteko bazkide egin nintzen.

Zer egiten duzue Beduolan?

Bi helburu nagusi zituen elkarteak sorreran: egurrezko ontzien erabilera berpiztea, eta Beduan egon zen ontziola zaharra berreskuratzea. Gaur egun, txalupa zaharrak konpontzen ditugu, eta jendeari uretan arraunean edo nabigatzen ibiltzeko aukera eskaini. Aktibitatea sortzen saiatzen gara. Historian zehar ontzigintzaz jasotako jakintza immateriala bildu eta gizarteratzen ere bai.

Albaolan ere jardun zinen lanean, Esteban Gozategi eta konpainiarekin.

Sei hilabetez, boluntario. Esteban eta biok elkarrekin joaten ginen Pasaiara autoz. Albaolako esperientziatik, lanera bidean berarekin izaten nituen hizketaldiak ditut buruan ondoen gordeta, asko ikasi nuen.

Euskal Herriaren historian ontziola asko izan ditugu.

Bai, ontziolak itsasoaren inguruko ondare edo kultura guztiaren motorra izan dira.

Oriok itsas ondare oparoa du.

Bai. Hala ere, Oriok arraun kirolean, estropadetan, baliabide asko inbertitu dituen bezala, itsas ondareari dagokionez, eta ontzigintzan zehazki, asko galdu du. Zorionez, badira lan handia egin duten norbanakoak, Jesus Mari Perona kasu. Berari esker, Mutiozabaleko plano asko berreskuratu dira. Bestalde, Migel Antonio Mutiozabal izan da niretzat hemengo erreferente handiena. Bere arbasoak Uriberri ontziolan –Aginaga– hasi ziren ontziak egiten. Oria ibaian 1876 eta 1929. urteen artean eraikitako ontzien %50-a baino gehiago, berak egin zituen. Migel Antonio izan zen plano bidez ontziak diseinatzen lehenetarikoa.

Zein harreman duzu Mutiozabal ontziolarekin?

Itsas ondareaz gehiago jakiteko harra sartu zitzaidanean, Orioko ontziolarekin historia zati handi bat errekuperatzeko aukera  zegoela ikusi nuen berehala. Udalarekin harremanetan jarri nintzen, Euskal Bateleroen elkartearen babesarekin, Mutiozabal berreskuratu eta konpontzeko aukerak aztertzeko.

2016. urte hasieran, Udalak txosten bat enkargatu zizun, ontziolaren balio historikoa eta etorkizunerako aukerak zehazteko eskaerarekin.

Bai, eta entregatu ere egin nuen. Aukera asko planteatzen ditut dokumentuan. Mutiozabalen ontzi zaharrak konpondu edo berriak eraiki daitezke, jendeak errioan erabiltzeko. Orio Euskal Herriko lehen herria izango litzateke aisialdirako txalupak alokatzeko zerbitzuak eskaintzen. Bestalde, hitzarmenak sinatu beharko lirateke herriko ikastetxeekin, mankomunitateko elkarteekin eta beste erakunde askorekin. Adin ezberdinetarako eskaintza diseinatu behar da: unitate didaktikoak eskoletarako, hitzaldiak helduentzat, ikastaroak erriberako arotzaren ofizioa ikasi nahi dutenentzat... Bestalde, turismo kulturalak geroz eta interes handiago duenez, kanpotarrentzako jarduerak ere eskaini behar  
lirateke.

Etorkizuneko Mutiozabal Itsas kultur zentro dinamiko gisa definitzen duzu.

Bai, hori da. Euskal Herriko itsas ondarearen erreferenteetako bat bihurtu behar du.

Nola ikusten duzu Mutiozabal hemendik 10 urtera?

Bizirik, parean uretan egurrezko ontziak elkarri lotuta dituela, jendea etorri eta erabili zain. Aisian edo hezkuntza arloan, eskaintza zabalarekin. Errioan edo itsasoan arraun egiteko edo nabigatzeko txaluparik ez dutenek, uretan gozatzeko aukera izango lukete. Jendea behar du Mutiozabalek atzera eta aurrera, ontzi zaharrak konpontzen, berriak egiten, errioan arraunean... Orion jende askok du kresala barruraino sartuta, eta berehala hartuko luke martxa errio bazterrak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!