I. Huegun: «Bandera gosea zegoen tostartean, pisuzko garaipen bat behar genuen»

Jon Agirresarobe 2017ko urr. 5a, 10:36
Argazkia: Joxeju Olasagasti

Urte berean Kontxako bi bandera irabazi dituen lehen presidentea da Ibon Huegun, aurtengo garaipenaz gain 1939. urteko Donostiako Estropada palmaresean sartu eta gero.

Goizeko zazpietan egin dugu hitzordua. Ez dio familiari eta lanari ordurik kendu nahi. Elkarrizketa amaitu, umeak ikastolara eraman eta lanera joango da. Apal-apal baina umore onez  hitz egin digu, goizeko zazpietan.

Zorion mezuetan izango da bakarren bat kontatzekoa.

Denak erantzuteko astirik hartu ezinda nabil. Modu honetan irabaztea handia izan da. Horrez gain, irudi ederrak utzi ditu bigarren igandeak, arrauna jarraitzen ez duenak ere gozatu egin du. Gutxien espero dugun herrian ere estropada ikusten egon dira. Asko jasoko ditut oroitzapenetan: lagunen mezuak, kanpoan bizi diren oriotarrenak, Euskal Herri osoko zaleak... Lorenek Realeko kirol zuzendariak  deitu zidan estropada eta Realaren partidua amaitu berritan, ordubiak eta erdiak aldera. Agirretxek eta Iñigo Martinezek ere zorindu ninduten, Mirotza Saria dute biek.

Oriotarrok kamioikada argazki jaso dugu mugikorrean. Igandeko zein irudirekin gelditzen zara?

Luzea baina polita izan zen bigarren igandea, argazki asko utzi zituen: taldeak uretaratu zirenekoa, estropadako irudiak, arranplako eromena, bazkaria, plazako harrera… Arraunlarien poz aurpegiarekin gelditzen naiz, beharbada. Lau arraunlari bakarrik ziren Kontxan irabaziak, bandera gosea zegoen tostartean.

Halere, asteko irudi ederrenetakoa ostiralekoa izan zen. Guk ez genekien ezer, ostiral goizean whatsapp mezua bidali zidan Jonek, goizeko hamarrak eta erdiak aldera. Koadrilara ere bidali zuela ikusi nuenean nik ere mezua zabaldu nuen.

Arraunlari batek jaitsiera urtean ere herritarren babesa sentitu zutela  aipatu du garaipenaren ostean. Castroko arranpalako argazkia errekuperatu dugu, trainerua bigarren mailara jaitsi berritan han dago Ibon Huegun zale gutxien artean mutilak animatzen. Hortik gutxira hartu zenuen presidente kargua.

Betidanik izan gara zaleak. Ordurako hasiak ginen lanean eta irailean zuzendaritzan sartzea erabaki genuen. Sei urtetan denetik pasa da. Lehen urtean ARC1 ligan estropada guztiak irabazi genituen, baina ez genuen gozatu, igoera lortzeko presio handia zegoen. Behin maila berreskuratuta bi- hiru urte nahiko onak izan ziren. Baina saria falta zitzaigula sentitzen genuen. Pisuzko garaipenak behar genituen: Euskadiko edo Espainiako Txapelketa, Zarauzko edo Kontxako bandera. Urteen poderioz bandera gosea zama bihurtzen joan da.

Banderak zertan aldatuko du Orio Arraunketa Elkartea?

Ez dugu iparra galduko. Aurten ikusi dugu bateragarriak direla gure bi helburuak: banderen borrokan ibiltzea eta etxeko gazteak lehen ontzian izatea. Iaz bigarren traineruan ari ziren lau arraunlari lehen taldean aritu dira. Hori bai, garaipen honek lagundu dezala inertzia positiboak sortzen. Kontxa lortuta ez da mundua bukatzen. Baditugu gaur arte lortu gabeko helburuak: neskekin bandera garrantzitsuak irabaztea eta mutilekin Eusko Label liga eskuratzea, esaterako. Baina  burua galdu gabe beti. 

Garaipenaz ari gara etengabe. Beste bi traineruen urtea gorabeheratsuagoa izan da.

Neskena ez da urte txarra izan. Denboraldiaren zehar San Juan eta Hibaika gehiago izan dira, baina zenbait estropadetan gertu izan dira gureak. Kontxara ilusioz joan gara, baina ez da nesken urte osoko lanaren erakusgarri izan, bigarren igandea batik bat. Ilusioa daukagu zerbait polita egiteko, aurten ez da posible izan, baina ez saiatu ez direlako. Mutilen bigarren traineruak maila galdu du, baina ez dugu helburua aldatuko. Formazio taldea da, estrategikoa da guretzat, gure begia zubi lanean dago.

Ireki da beda. Hasi da arraunlarien eta entrenatzaileen dantza. Denboraldi ona egin ostean Lorenek eta Aperribayk urduri pasa dute uda, jokalariak joango beldurrez. Udazkenari beldurrik ba al diozu?

Behin Kontxa pasata hizketan ari gara Salsamendirekin, Errastirekin eta Zabaletarekin. Entrenatzaileak eta arraunlariak lasai ikusten ditut. Deskantsatu dezatela. Mugimendu asko izaten da arraun munduan, baina lasai gaude.

Oker egongo naiz agian, zuzendaritza kideok entrenatzaileen esku uzten duzue taldearen kudeaketa?

Asteartero biltzen gara eta taldean lantzen dira gai guztiak: harrobiaren jarraipena, lehen taldeen egoera, eremuen, entrenamenduen eta estropaden azpiegitura, sponsor eta babesleen jarraipena, arroparen kudeaketa… Horiek dira gure lanak. Kirol kudeaketan konfiantza osoa dugu entrenatzaileengan, lan esparruak errespetatu behar dira.

Sei urte pasa dira zuzendaritzan sartu zinetenetik. Nekea sumatzen al duzu?

Sei urte asko dira eta beste bi denboraldi gelditzen zaizkigu. Karga da, baina garaipen hauekin asko leuntzen da nekea. Boluntarioak gara, baina erabaki handiak hartu behar ditugu, eta buelta asko ematen dizkiogu erabaki bakoitzari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!