J. Zabaleta: «Ez dugu euskara erdigunean jarri»

Karkara 2017ko urr. 5a, 11:02

Herri baten bizimodua errezeta liburutan jasotzen da. Lagunarteko otorduak; etxeko jan ohiturak; baratza, ibaia eta itsasoa; jatetxeetako sukaldeak... ikasteko lekuak dira denak. Mahaiaren bueltan gauza asko egin daitezke. Interesgarrienak bi: jan eta berriketan egin. Goazen Orioko errezeta liburua idaztera.

Jabier Zabaleta Iraola
Arròs a la muntanya

Psikologia eta pedagogia ikasia, 1987. urtean  Udalean hasi zen itzultzaile eta 28 urte daramatza hizkuntza teknikari  lanean. Kataluina izan du eredu. Maiz izan da han, katalanez ere moldatzen da. Sukaldean ere bai. Paella lehiaketa izan da Gazte Festetan  eta Zabaletari eskatu diogu errezeta: Lleida iparraldean, Basella herriko Cal Ton d’Ogern jatetxean jan omen zuen inoiz probatu duen arrozik onenetakoa.

Hainbeste urtetan zer irabazi eta zer galdu du Aitorren Hizkuntz Zaharrak Diketik Bikamiotara?

Bi esparru bereizi behar dira: Udala eta herria. Oso lan ezberdinak dira. Udalean badago zeregina, baina urteen poderioz asko hobetu da. Sartu nintzenean euskara ez zen erabiltzen eta kalitate eskaseko itzulpenen bat egiten zen tarteka. Gaur egun, gehienbat, euskaraz funtzionatzen du Udalak. 28 urte behar izan ditugu, ibilbide nekeza izan da.

Herrian balorazio gazi-gozoa egingo nuke. Paisaje linguistikoa asko hobetu da.  Denda eta tabernetan, esaterako, euskarak presentzia asko irabazi du. Ahozkoan ez dugu irabazi: etxeko edo tabernako elkarrizketetan ez dakit ez ote dugun atzera egin. Euskaldunon tipologia dezente aldatu da urte hauetan guztietan: lehen herritar multzo handi samar bat beti euskaraz aritzen zen, gaztelaniaz baino errazago moldatzen zelako. Gaur egun, egoera nahastuagoa da, denok hitz egiten dugu erdaraz erraz samar. Gaur arte erabili dugun diskurtsoak eragina izan duelakoan nago: diskurtso oso integratzailea izan dugu, inor ez baztertzekoa. Horrek ekarri du helburuen lausotze bat. Horrela beharko zuen, euskaratik oso aldenduta zegoen jendearekin bizi izan gara. Ez dugu euskara erdigunean jartzen asmatu.

Karkaran aritu zinen urte luzez. Zer moduz ikusten duzu herri aldizkaria?

Sendo ikusten dut. Adibidez, aurten estropada kontuei egin zaion jarraipena oso ona iruditu zait. Karkarak bat egin behar du herrian interesatzen diren gaiekin.

Kataluinako herriarekin lotura handia izan duzu beti

Lehenbiziko aldiz hogeita zortzi bat urterekin joan nintzen, lanean hasi berritan. Ordurako lanketa eta antolaketa handia zuten hizkuntzaren normalizazioaren inguruan. Euskal Herrian ez zen ohikoa herri txiki eta ertainek euskara teknikaria izatea, hemengo egitura prekarioa zen hango sarearen aldean. Hizkuntzaren egoera ere argi urteetara zegoen, jakina. Hango hizkuntza teknikariekin egin genuen harremana, kartaz komunikatzen ginen.

Ez da bide bakarra izan, Santos Carreterok eta Sorkunde Lizasok lagunak egin zituzten Manresan eta harremana sendotu dugu joan-etorrian. Duela hiru urte erabaki nuen katalana ikasi behar nuela. Ez nintzen eroso sentitzen lagun katalanekin gaztelaniaz arituta. Donostian hasi nintzen. Ordurako dezente ulertzen nuen baina hizketan hasteko bultzada behar nuen.

Parlem del procés català. Diadan izan zara aurten. Nola ikusten duzu kontua?

Inbidia handiz. Diadako giroa izugarria zen: zer gertatuko zain dago jendea, tentsioan baina itxaropentsu. Oso ezberdinak dira hango eta hemengo mobilizazioak. Milioi bat edo gehiago herritar, festa giroan: ez aurpegi txar bat, ez paper bat lurrera... Giro zibilizatua, lasaia eta atsegina, festa azken batean. Aurten, duela bi urte baino independentzia oihu gutxiago entzun dut. Badu azalpena: dagoeneko ez daude errebindikazio fasean, gauzatze puntuan daude.

Zertan aldatu da Katalunian azken hamar urtean?

Klase ertainaren zati handi bat independentista izatera pasa da, asko  Convergènciaren eta Esquerra Republicanaren bueltakoak.  Herritarrek eman dute lehen pausoa, politikoak atzetik joan dira. Artur Masen adibideak azaltzen du ondo aldaketa: politikari posibilista izan da beti, eta gauetik goizera bere bozkatzaileak Bartzelonako Diadan independentzia aldarrikatzen ikusi zituen. Berehala ikusi zuen etorkizun politikoa izatekotan prozesua bideratzera pasa behar zuela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!