Belen Casado: "Izugarria da herritarrek erreferendumaren antolaketan izandako inplikazioa"

Karkara 2017ko urr. 7a, 11:35

Belen Casado oriotarra Katalunian bizi da duela 16 urtetik. Bartzelonako Raval auzoan du bizitokia, eta bertatik erantzun ditu KARKARAk Kataluniako egoera politikoaz egindako galderak.

Oraindik harrituta gaude lehengo igandeko irudiekin. Nola bizi izan zenuen eguna?

Ez naiz oso politika zalea, baina Katalunian gertatzen ari denak, posizionatzera eta mobilizatzera bultzatzen zaitu. Argi nuen igandea kalean egoteko eguna zela. Goiz joan behar zen hauteslekuetara, badaezpada, botoa eman nahi bazen. Edozein momentutan polizia agertzeko arriskua zegoen. Jendea, bozka eman ostean, bertan geratzen zen hauteslekuak defendatzen.

Espero ez genuena, bakean botoa ematera joateagatik, polizia eta guardia zibilak 800 lagun baino gehiago zauritzea zen.

Kalean, bertatik bertara ikusitako zein irudirekin geratzen zara?

Irudi bat baino gehiago, soinu desatsegin bat daukat buruan: Bartzelonako erdigunean bizi naiz, eta azkenaldian, poliziaren helikoptero bat daukagu gure gainean hegan denbora guztian. Egoeraren metafora bezala ikusten dut.

Bestalde, zoragarria iruditu zait jende oso ezberdina elkarrekin eta giro ederrean kaleetan edo hauteslekuetan elkarlanean ikustea. Batzuetan, koadrila berean, batzuk Espainiako bandera eta besteak Estelada gainean zutela agertzen ziren, denak bakean.

Adineko jendeak bozkatu ostean zuen ilusio aurpegia ere, hunkigarria izan zen.

Zer sentimendu antzeman zenuen gehien jendearengan? Ilusioa? Beldurra? Poza?

Hasieran, ilusioa eta zer gerta zitekeen jakiteko kuriositatea. Zalantza, ea botoa eman ahal izango genuen. Jai giroa ere bai. Gero, beldurra,  jipoitutakoen irudiak whatsapp edo sare sozialen bidez zabaltzen hasi zirenean, edo gure hauteslekura polizia zetorrela jakitean. Eta azkenik, amorrua, poliziak 800 zauritu baino gehiago eragin zituela jakin ostean. 

Irudi oso gogorrak ikusi ziren telebistan.

Zorionez, ni nengoen ikastetxean polizia ez zen sartu. Nire inguruko inor ez zuten erasotu, baina zorte kontu bat izan da. Pare bat aldiz, poliziaren furgonetak gugana gerturatzen ikustean, beldurra sentitu genuen. Gero enteratu ginen, gugandik hurbil zegoen eskola batean izan zirela, bakean zeuden hiritar zibilak indarkeriaz erasotzen. Ez zegoen arrazoirik egin zutena egiteko, ez da bidezkoa. Zigorra merezi dute.

Hor bertan bizita, espero al zenuen igandeko erreferendumak hainbeste jende mugitzea?

Irailaren 20ean, Generalitatean egon ziren miaketen eta politikaren atxiloketen ondorengo kontzentrazioak masiboak izan ziren. Erreferenduma antolatuta zegoen erarekin ados ez zegoen jende askok iritzia aldatu zuen egun horretan, eta igandean botoa eman zuen.

Hala ere, parte hartze altuagoa espero nuen nik: orain dela hiru urteko kontsultan baino pixka bat altuagoa izan da, baina igoera ez da izan oso nabarmena, ez da iritsi erroldaren erdira.

Espainiako Gobernuak trikimailu asko erabili ditu erreferenduma galarazteko, eta hala ere, jende askok bozka ematea lortu du.

Kataluniako gobernuak beti esan du A, B, C, D,... planak zituela, eta edonola egingo zela erreferenduma. Izugarria da herritarrak nola inplikatu diren antolakuntzan.

Hala ere, iruditzen zait Espainiako Gobernuak nahi duena egin duela. Beraiek benetan nahi izanez gero, ez genuen botoa emango. Nire ustez, guztia, poliziaren jokaera barne, aldez aurretik zeukaten pentsatuta.

Espainiako Gobernuaren jokabidearen ondorioz, Katalunian inoiz baino independentista gehiago daudela esaten da.

Bai, horrela da. Askotan ikusi dugu jarrera erradikal batek kontrakoa puzten duela. Kataluniako arazoak boto asko ematen dizkio PP-ri Espainian, momentu batean ETAk ematen zizkion bezala.

Azken asteetan PP-k bide judiziala erabili du, akordioen eta perspektiba politikoaren bidez arazoa konpontzen saiatu ordez, eta horrek haserre handia sortu du hemen. Askok eskubide zibilak arriskuan ikusi ditugu, eta erreferenduma antolatu den erarekin ados egon ez arren, kalera atera gara.

Aurreikusten duzu zer gerta daitekeen aurrerantzean?

Batez ere, bi aukera posible ikusten ditut: Espainiako gobernuak Kataluniako autonomia indargabetzea, edo norbaitek negoziaziorako bideren bat aurkeztea eta eztabaidarako apustua egitea.  

Zaila da zer gertatuko den asmatzea, gertaerak logika guztietatik kanpo daudela ematen du. Askok independentzia helburu bezala eduki dute urtez, baina nire ustez, ez da eztabaidatu nahikoa nola eta zer kondiziotan izango litzatekeen. Uste dut, independentzia lortu eta gero ez dela hainbeste batasun egongo Kataluniako gizartean. Denok ez dugu nahi independentzia berdina. Ez dakit erreferendumean %42ko parte hartzearekin, independentzia unilaterala aldarrikatzeko behar den gizarteko indarra dagoen. Bestalde, onarpen internazionala beharko litzateke, eta momentuz Europako estatu handienak “Espainiako barne arazo” bat bezala ikusi dute gertatzen ari dena.

Oso garrantzitsua da Kataluniako eta kanpoko herritarren erantzuna, oinarrizko askatasun eta eskubideak mespretxatzen direnean. Uste dut eztabaida ez dela bakarrik independentziari buruz, baizik eta oinarrizko eskubideei buruz.

Bistan da Espainiako Gobernuaren jokaera traketsa izan dela oso. Zer diozu Kataluniako politikarien lanaz?

Kataluniako politikarien jokaerarekin ere, ez nator guztiz bat. Nire ustez, aldebakarreko bidea gehiegi erabili dute, ematen du presa dagoela hau guztia aurrera eramateko. Ez da behar den guztia egin beharrezko babes guztiak lortzeko, ez Katalunia barrukoak ez kanpokoak.

Asko hitz egin da independentziaren inguruan, baina izango lituzkeen ondorioei buruz ez. Ez da nahikoa eztabaidatu nolako herria eraiki nahi dugun.

2010 eta 2012ean manifestazio masiboak izan ziren Bartzelonan. Sentimendu independentista indartsua ikusi zen kaleetan. Orduko Convergencia boto asko ari zen galtzen, krisi garaiko murrizketa eta korrupzio kasuengatik. Askoren iritziz, ordura arte independentista ez zen partidu politikoak boterean jarraitzeko aukera garbia ikusi zuen: kalean jendea eskatzen ari zenaren bozeramaile bihurtu ziren. 

Orain ere, independentziaren kontua oso garrantzitsuak diren beste arazoengatik atentzioa desbideratzeko erabiltzen da, bai Katalunian, eta bai Espainian ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!