Maite Bastos: “Goxoki bat izan da mundu erreala eta irreala uztartzen dituen lan hau egitea”

Aritz Mutiozabal (Hitza) 2017ko urr. 13a, 10:40

Maite Bastos aktore oriotarrak Errementari filmean parte hartu du. Blanca izeneko pertsonaiari eman dio bizia; apaizaren laguntzaile lanak egiten dituen serora da bera.

Egunotan estreinatuko dute Errementari filma Sitgeseko nazioarteko zinema fantastikoaren jaialdian, baina Maite Bastos –Orio, 1954– ez da bertan izango. Aktoreek oraindik ez dute ikusi filma, eta irrikatan dagoela onartu du. Beldur pixka bat ere badut.  Arroila-jaitsieran bezala, goitik begiratzen duzu eta justu putzura erori behar duzu. Sentipen hori dut, ea asmatu dugun zulora erortzen eta ez dugun arroka jotzen. Beraz, ikusteko amorratzen nago.

Ikusmin handia sortu du proiektuak, eta Bastosek badu horren zergatia. Nik uste dut Euskal Herrian ez dela orain arte halakorik egin. Jose Migel Barandiaranek berreskuratutako Patxi errementaria elezaharrean oinarrituta dago, baina Paul Urkijo zuzendari gasteiztarrak bere ikuspuntua eman dio; tartean, karlistadak ere txertatu ditu. Jatorrizko ipuinaren istorio paralelo bat dela jakitera eman du aktoreak. Zuzendariak askotan irakurri zuen ipuina txikitan, eta behin bere buruari galdetu zion zer gertatu ote zitzaion Patxiri horrelakoa izateko. Beraz, bere istorioa asmatzen hasi zen.

Kontakizunak fantasiatik as­ko du, eta ekoizpena bera ere ez da atzean geratzen. Horrek aparteko egiten duela azaldu du Bastosek: Fantasiazko marrazki bizidunak egin dira gurean, baina honakoa benetako pertsonaiekin egindako istorio bat da. Pertsonaia errealak gara, baina aldi berean asko dugu komikitik. Hortik abiatuta, kutsu fantastiko ugari ditu, kroma eta efektu digital pila batekin, latexeko pertsonaiekin… Ez da ohiko film bat. Gaur, bihar eta etzi Sitgesen ikusteko aukera izango da, eta hilaren bukaeran Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean emango dute.

Bastosentzat guztiz berezia izan da fantasiaren generoan lan egitea: Ekoizpenean elkartu ginen aktoreoi sekulako ilusioa egiten zigun. Beste istorio batzuk egin izan ditugu, baina mundu erreala eta irreala uztartzen dituen lan hau egitea goxoki bat izan da.

Xehetasun guztiak ongi zaindu dituztela nabarmendu du. Esaterako, filmean darabilten hizkuntza. Ez dute euskara batua erabili, baizik eta garai bateko Arabako lautadako euskalkia. Gure kezka zen ea ulergarria izango ote zen. Gidoia irakurri nuenean, txundituta geratu nintzen. Oso konplikatua zen, eta ez genekien hitz batzuek zer esan nahi zuten. Zentzu horretan, eztabaida handia egon zen, baina pixka bat moldatu egin zuten testua jendearentzat ulergarriago izan zedin. Izan ere, momentu batzuetan guretzako ere zaila zen testua ikastea. Nolanahi ere, horrek filmari kutsu aberatsa eman diola iritzi dio.

Albiste osoa irakurtzeko: urolakosta.hitza.eus

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!