Iñake Irastorza oholtza gainera igoko da, ‘Obabakoak’ lanarekin

Karkara 2017ko urr. 19a, 14:50
Iñake Irastorza oholtza gainean, entseatzen. (Argazkia: Arriaga antzokia)

Gaur izango da euskarazko bertsioaren estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian. Zentzumen anitzeko esperientzia da Calixto Bieito zuzendariaren moldaketa librea.

Bernardo Atxagak idatzitako Obabakoak eleberri historikoa oholtza gainera eraman du Calixto Bieito zuzendari artistikoak. Bilboko Arriaga antzokiko denboraldi berriaren barruan estreinatuko dute Bieitoren obra. 11 euskal antzezlek hartuko dute parte antzezlanean, tartean, Iñake Irastorza oriotarrak. Bihar izango da euskarazko bertsioaren estreinaldia, Arriagan bertan.

Antzezlanerako aktoreak hautatzeko prozesuan parte hartu zuen Irastorzak, eta ekainean eman zioten behin betiko erabakiaren berri. Azken bi hilabeteak entseatzen pasatu dituzte aktoreek.

Montxo Armendarizek zuzendutako Obaba filmean ere aritu zen Begoña pertsonaiari bizia ematen. Poz handia hartu zuen antzezlanean parte hartuko zuela jakin zuenean, aspalditik miretsi baitu Atxagaren eleberria. Bieitoren antzezlanean parte hartzea “zirkulua ixtea” izan dela uste du Irastorzak.

Irastorza eroso sentitu da filmean eta oholtzaren gainean, baina antzerkian sortzen den bat-batekotasuna oso berezia dela uste du: “Antzeko zerbait bai, agian, baina momentu hori ez da sekula berriz ere errepikatuko. Sentimendu berezia da eszenatokian sortzen dena”.

Obabakoak eleberriaren moldaketa librea da Calixto Bieitoren antzezlana. Atxagarekin berarekin eta Andoni Oliveres adiskidearekin gauzatu zen obra eszenara eramateko ideia. Erabateko ikuskizuna dela dio Bieitok, hamaika ahotseko poema sinfoniko moduko bat. Interpretazio soilaz haratago,  zentzumen anitzeko esperientziatzat jotzen du zuzendari artistikoak. Sarah Derendinger sortzaile suitzarraren ikus-entzunezkoen proiekzioak, argia, musika edota ahots moldaketak izango ditu, eta eszenografia bitxi batean gauzatuko da antzezlana.

Obraren hari narratiboa Esteban pertsonaiak jarraitzen du, eta horren bueltan mugituko dira gainontzeko aktoreak istorioa osatuz. Irastorza pertsonaia bat baino gehiagoren azalean sartuko da. Esteban pertsonaia nagusiaren mintzoa izango da batzuetan.

Esperientzia ona izan dela uste du Irastorzak: Aktoreak elkarren artean giro ona dugu, baita zuzendariarekin eta teknikarien taldearekin ere. Taldean lanean ongi moldatzea garrantzizkotzat jotzen du Irastorzak. Ikusleek emaitza gustukoa izatea espero du.

Arriagatik Bartzelonara

Bihartik larunbatera bitarte estreinatuko dute euskarazko bertsioa, Arriaga antzokian. Emanaldiak baino ordu erdi lehenago, Obabakoak obrari eta Bernardo Atxagari buruzko hitzaldia eskainiko du Zenbat Gara Elkarteak, agertokian ikusi ahal izango denaren aurrerapen gisa. Gaztelaniazkoa, aldiz, urriaren 23tik 26ra aurkeztuko dute. Sarrerak teatroarriaga.eus helbidean edo antzokiko txarteldegian eskura daitezke aldez aurretik.

Kataluniara ere eramango dute antzezlana. Bartzelonako Teatre Lliuren bost emanaldi izango dira, euskaraz. Euskal Herrira itzuli eta bira bat hasiko  dute ondoren, eta, tartean, Donostian, Gasteizen eta Santurtzin egingo dute obra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!