Gastronomia, musika eta moda uztatuko ditu Kalefood Marketek

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 27a, 15:10
Kalefood Marketeko ‘foodtruck’ bat, Zumaian egindako ekitaldian. (Baleike)
Asteburuan ospatuko dute ekitaldia Ikastola parean, bihar eguerditik aurrera. Bertako zein kanpoko dendarien postuak, janari eskaintza zabala eta zuzeneko musika saioak izango dira

Kalefood Market ekitaldia ospatuko dute asteburuan Orioko Ikastola parean. Bihar eguerditik igande arratsaldera arte luzatuko da festa, eta eskaintza zabala prestatu dute antolatzaileek. Zuzeneko musika, bertako dendarien postuak eta atzerriko gastronomia uztartuko ditu ekitaldiak.

KIMMU gazte ekintzaileen enpresak sortutako proiektua da Kalefood Market, eta duela bi urte hartu zuten Mondragon Unibertsitatean LEINN gradua ikasten ari diren hiru ikaslek ekitaldia antolatzen jarraitzeko lekukoa. Musikarekin, gastronomiarekin eta modarekin lotutako proiektu bana fusionatu eta ekitaldi ezberdin bat sortu zuten. Orioko eta kanpoko dendarien azoka, foodtruckak eta musika alternatiboa izango dira zehazki ekitaldian.

Alabaina, ez da ospatuko den lehen aldia; Donostian, Zumaian eta Mutrikun ere izan dira. Oriokoa abuztuko lehenengo astean egiteko asmoa zuten, baina azken orduko arazoak tarteko, aste honetara atzeratu zuten antolatzaileek eta Orioko Udalak. Aurreko edizioetako foodtruckekin jarri ziren harremanetan Orion ere parte hartu zezaten. Janari eskaintza ezberdin bat egingo du horietako bakoitzak; eta krepak, falafelak, hanburgerrak edota jaki mexikarra dastatzeko aukera izango da azokan. Ohikoak ez diren jakiak modan jartzea da eskaintza gastronomikoaren helburua.

Zuzeneko musika eskaintza, aldiz, talde gazteekin eta hasiberriekin osatu dute. Musikari gazteei “bultzadatxo bat ematea” da asmoa, Ekiñe Izagirre Kalefood Marketeko antolatzailearen esanetan.

“Harreman ona” izan dute Orioko Udalarekin, eta ekitaldia antolatzeko baliabide guztiak haien eskura jarri dituztela azaldu du Izagirrek. Udalarekin ez ezik, herritarrekin ere bildu dira antolatzaileak; besteak beste, dendariekin. Hain zuzen ere, bertako dendariak izango dira protagonista azokan, eta “oso eskertuta” agertu dira merkatariak ekitaldian postuak jartzeko eskaini dieten aukerarekin.

Garbiñe Arregi, Expo elektrizitatea, Ttipi-ttapa, Nahikari, Rose’s, Anarri eta Argine saltokiek jarriko dituzte postuak. Zuzeneko musikak eta gastronomiak osatuko dute eskaintza kultural eta berritzailea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!