Dolua

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Ayestaran 2017ko aza. 1a, 11:01

Heriotza zerbait naturala bada ere, oro har eta salbuespenak salbuespen, inor ez dago senide, lagun edota gertuko bat betiko galtzeko prest. Ni ez behintzat. Aldi berean, ordea, ba al da bizitzan hori baino gauza ziurragorik? Nork daki zientziaren eta teknologiaren laguntzaz betiko bizitza noizbait posible izango ote den, baina gaur-gaurkoz heriotza ezin da saihestu.

Hori horrela izanik ere, heriotzaz hitz egitea TABUA da oraindik; gaiaz ez hitz eginda mina desagertu egingo balitz bezala. Niri bizitzak eta denborak kontrakoa erakutsi didate, hau da, heriotzaz eta doluaz hitz egitea ezinbestekoa dela.

Heriotzaren gaia gizarteratzerakoan rol garrantzitsua bete dezakete hedabideek, bereziki publikoek. Ildo horretan, ‘Ur handitan’ telebista saioak doluari buruz egindako atalak bere aletxoa jarri du zeregin horretan. Karkarak, Orioko eta Aiako herri aldizkari den neurrian, ere badu bere egitekoa gaia mahai gainera aterata.

Kontuak kontu, nire ustez, doluaren aurka ez dago errezeta orokorrik. Bakoitzak bere modura bizi du eta pertsona bati lagungarri izan zaionak ez dio beste bati balioko. Dena den, prozesuari buruzko informazioa eskura izatea eta entzungo zaituen konfiantzazko pertsona bat alboan izatea ez dago inoiz soberan. Gero, norberak erabaki dezala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!