Joseba Baleztena: "Denborarekin inozentzia galdu arren, eszenatokira igotzeko pasio handiarekin jarraitzen dut"

IƱigo Gaiton 2017ko aza. 2a, 19:20

Berako musikariak Orioko Etxeluze Gaztetxea bisitatuko du larunbatean, Joseba B. Lenoir proiektuarekin. Kaskezur taldea ere igoko da oholtzara. Baleztenaren hitzetan, berena da azken urtean gehien gustatu zaidan euskal diskoa.

- Orio eta Bera. Herri txikiak biak. Arraunlari on asko eman ditu batak, rock talde eta musikari ezagun ugari besteak. Zergatik ote?

16 urte ingururekin, Ameba taldea sortu genuen lagun batzuk. Gu baino zaharragoak zirenekin (tartean Petti eta Joseba Irazoki) sarri elkartzen ginen, eta disko asko pasatzen zizkiguten. Gerora ere, jarraitu dugu trukaketa horrekin. Beti egon da musika giroa herrian.

Mugaren kontua ere aipatzen da. Jende asko ibiltzen da batetik bestera, eta mugimendua dagoen lekuetan, gauzak gertatzen dira.

- Zure ama Joseba Irazokiren musika irakaslea izan zen. Zuri, Josebak erakutsi zizun gitarra jotzen. Herri txikietan, askotan kizkurtzen dira horrela harremanak.

Bai. Horrek ere eragina izango du.

- Rock and rollaren samuraia naiz, zihoen Amebaren letra batek. Zer du egungo Josebak orduko samuraiaz?

Garai hartan, rock and rollarekin flipatzen genuen bost gazte ginen. Inozentzia handia geneukan. Planik egin gabe, gauzak gertatzen joan ziren. Kontrakoa erantzungo dizut agian, baina ordutik geratzen ez zaidana, hain zuzen ere, inozentzia da. Batzuetan pena ematen dit horrek, baina garrantzitsuena mantentzen dut: oholtzara igotzeko pasio handia.

- Ameba Sexty Sexers bihurtu zen. Momentu batean, euskal rock eszenan erreferente izan zineten.

Bai, baina barrutik ez genuen horrela ere bizi. Jaso genituen bide horretatik jarraitzeko eskaintzak, baina denok ez genituen bizi proiektu berak.

Lehen aipatu dizudan inozentziak, ondo azalduko luke Sextyren momentu hori. Lagunekin elkartu eta izugarri gozatzen genuen musikarekin, baina ez geneukan anbizio berezirik. Hala ere, istorio polita izan zen Sextyrena.

 

 

- 2013an sortu zenuen Joseba B. Lenoir, zure proiektua.

Sexty Sexers geratu egin genuen. Geldialdi horretan, musika sortzen jarraitu nuen nire gisara; zuzeneko gutxi eskainiz, barrura begira, esploratzen. Konposatu eta kontzertuak jotzeko grina mantentzen nuen, baina ez neukan talderik. Horren ondorioa izan zen bakarkako lehen lana publikatzea.

- Kantu instrumentalekin hasi zinen.

Bai, pixkanaka joan nintzen ahotsa sartzen. Felix Buff bateria jolearekin batera kontzertu batzuk eman nituen. Gero sortu zen bandarekin jotzeko aukera.

- Sexty Sexers taldean, eta beste proiektu askotan (Willis Drummond, Rafael Berrio, Sumision City Blues, Napoka Iria...) gitarra jolea izan zara; zure proiektuan, frontmana. Kosta egin al zitzaizun urrats hori ematea?

Beno, ez zen aurretik erabakitako pausua edo aldaketa izan. Eboluzio naturala, esan daiteke. Pozik nago, hasiera batean, lehenago behin ere planteatu gabeko zerbait zelako.

- Rock klasikoaren eta esperimentalaren artean koka daitezke zure lanak.

Bai, izan daiteke. Gaztetan, rock klasikoa entzuten genuen gehien. Oinarri hori hor dago, barrenean, eta normala da nire abestietan tarteka zantzu horiek agertzea.Gerora, beste musikak ezagutzen joatearekin batera, estiloa propioa bilatzen ere saiatu naiz.

- Gitarra jole gisa, Hendrix zenuen lehen erreferenteetako bat. Gero, Neil Young ere bai. Bandarekin jardun zarenean, Neil Young & Crazy Horseren soinura gerturatu izan zara.

Gaztetan asko flipatu nuen Jimirekin, eta beti daukat presente. Oraindik ere, tarteka, entzuten ditut bere diskoak, eta beti ikasten da zerbait. Neil Young geroxeago ezagutu nuen, eta barruraino sartu zitzaidan bere musika. Izar & Star ziklotik beraren bertsioak egiteko gonbita luzatu zidaten, eta horren aitzakian sortu zen gerora nirekin aritu den banda. Hortik etor daiteke gerora ere, gure musikak Neil Young & Crazy Horse-ren lurrina izatea.

- Sextyren garaian, gitarrarekin punteo azkarrak egiten zenituen. Gerora, badirudi abiadura gutxitu duzula, nota bakoitzari espazio gehiago lagatzeko.

Ez naiz sekula birtuosa izan, baina lehen, etxean gitarra jole ezagunen punteoak ikasten jarduten nintzen. Gerora horretan interesa galtzen joan naiz, abestia bera eta konposizioa aurretik jartzeko. Zerbait esaten duten kantuak sortzen saiatzeko erabiltzen dut gitarra orain.

- Ze formatutan arituko zarete Orion?

Bi bateriarekin jardungo gara. Bezperan dugu laukotearen estreinaldia, Beran. Ilargi Agirre, Miren Narbaiza eta Nagore Etxabe izango ditut lagun oholtzan. Proiektu askotan ibilitako musikariak hirurak.

- Kaskezur taldea ere kartelean da.

Elizondo ingurukoak dira, aspalditik ezagutzen ditut. Beren azken lana, Azpisugeak izena duena, azken urtean gehien gustatu zaidan euskal diskoa da.  

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!