Eraginkortasun energetikoa landuko dute Gipuzkoa Argitu programarekin

Karkara 2017ko aza. 2a, 16:23

Gipuzkoa Argitu programaren barruan tailerrak antolatu ditu Foru Aldundiko Ingurumen sailak, eta Orion izango da lehenengo tailerra, 18:30ean.

Gipuzkoa Argitu programarenbarruan tailerrak antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak, eta Orion izango da lehenengo tailerra, 18:30ean. Programaren lehen zatia landuko dute bertan, eta herritarrek beraien kontsumo datuak ezagutu eta ulertzeko duten eskubidea izango dute hizpide.

Ingurumen saila eredu energetikoa aldatzera eta Europar Batasunak eraginkortasun energetikoa hobetzeko ezarritako helburuak lortzera bidean urrats garrantzitsuak ematen ari dela uste du Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak: «Gipuzkoa Argituri esker, herritar, enpresa eta komertzio guztien eskura jarriko ditugu kontsumo energetikoa murrizteko neurriak», argitu du Asensiok.   


2015ean sortu zen Gipuzkoa Argitu programa, gizarteari eraginkortasun energetikora bidean tresnak eskaintzeko. 400 familiarekin egin zuten lehenengo proba, eta familia bakoitzak eguneroko kontsumoaren inguruko datuak ezagutzea ahalbidetu zuen programak. Aurrezteko neurriak hartzeko baliagarriak izan ziren datu horiek, baita kontratu elektrikoak hobetzeko ere.  Asensiok azaldutakoaren arabera, bataz beste, familia bakoitzak %6a aurreztu zuen Gipuzkoa Argitu programak iraun zuen urtean.


Orioko tailerraz gain, azaroan eta abenduan 30 saio emango dituzte Gipuzkoa osoan zehar; tartean, Zumaian, Zarautzen eta Zestoan. Tailer horietan Gipuzkoa Argitu programaren web orrian argitaratu diren hiru tutorialak praktikan jarriko dituzte. Tutorial horietan kontsumo datuetara nola sartu, kontsumoak nola murriztu eta kontratatutako potentziak egokiak diren egiaztatzen ikasiko dute tailerretara bertaratutakoek.
Kontsumo energetikoa ezagutzeko iturri asko daudela nabarmendu dute, baina askotan informazioa sakabanatuta dagoela edo hizkuntza oso teknikoa dela uste dute. Informazioa bildu, egiaztatu eta lantzeko antolatu dituzte tailerrak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!