Dikerako, Kofradia zaharrerako eta kosta tailerrerako plana aurkeztu dute

Karkara 2017ko aza. 3a, 15:18
Eh Bilduko, PSE-EEko eta Orain plataformako udal ordezkariak izan dira Salatxo aretoan egindako agerraldian. Asesoria y Gestión tecnica LURBELek egin du dikerako, kofradia zaharrerako eta kosta tailerreko proposamena, eta aipaturiko alderdiek babestu dute.

Proposamena zehazteko “ez-ohiko bidea” hautatu dutela azaldu du Lurbel enpresak: “Nahiz eta legeak bide desberdinak hartzea ahalbidetu, normalean antzeko bideak hartzen ditugu. Kasu honetan ez-ohiko bidea hartu dugu, lortu daitekeen helburua hobea dela uste baitugu”. Orain arte aurrera egitea “ezinezkoa” izan dela iritzita, proposamen orokorrago bat aurkeztu dute; arazo zehatzei herri mailako irtenbide bat emanez. Nolanahi ere, ez da proposamen itxia gaur aurkeztutakoa. Parte hartzearen eta adostasunaren bidez garatu nahi dute dikearen plana, eta orain arte ere prozesuak ibilbide hori izan duela azaldu dute.

Kofradiako eremua “urjentziaz” konpondu beharra dagoela uste dute. Egoera aldatzeko hainbat saiakera egin direla azaldu dute, baina ezin izan dute konponbiderik aurkitu. Kofradiaren eta udaletxearen artean hitzarmen bat sinatu zen 2005ean, baina ezin izan zuten araudia aurrera eramanez aukera errealik planteatu. Dikearen eremuarekin elkartuz, beste aukera batzuk sortu dira. Ekarpen moduan jaso dute kosta tailerraren eremuari ere aterabidea ematea, eta egoerari erantzun orokor bat eman nahi izan diote, hiru eremuak hobetzeko herri mailako proposamena garatuz.

Kofradian, eremua oinezkoentzat eta kotxeentzat egokitzea aurreikusi dute. Aurreko moila ere egoera kaskarrean dagoela uste dute, eta aukerak sortu nahi dituzte txukuntzeko.

Toki Alaitik hasi eta Ceramicas bitarteko eremua hartzen du dikeak. Eremuaren antolamendua jasotzen du proposamenak, Kofradiako eremuari eta kosta tailerrari baliabideak eskainiko dizkiona. Dotazio publikorako eremu zabalak sortu nahi dituzte, eta horretarako landu dute dikearen antolamendua eta kudeaketa jasotzen dituen proposamena.Dike eremua sendotu eta zerbitzu berriak sortu nahi dituzte, eta auzo berrian integratu nahi dute Ibaiondo pasealekuak duen izaera urbanoa. Espazio zabalak erabiliko dituzte horretarako, eta guzti hori Kale Nagusi batekin egituratuko da, harreman komertzialak sortzeko baliagarria izango dena.

Eh Bilduk, Orainek eta PSE-EEk sinatu eta babestu dute proposamena. EAJrekin ere harremanetan jarri zirela azaldu dute, baina ez dute haien babesik jaso. Eh Bilduk, proposamena “norabide oneko planteamendua” dela irizten du, eta hirigintzaren bidez, gauzak zuzendu eta hobetzeko parada izango dutela azaldu du. “Denak ez egotearen penetan” geratu da Orain plataforma, eta herri ikuspegitik ulertezina zaio alderdi politiko guztiak ez egotea. Hala ere, egun pozgarria dela azaldu dute, eta konponbidea herritik etortzea balioan jarri dute. PSE-EEk, aldiz, babes osoa erakutsi dio proposamenari; eta ekaineko udalbatzarrean dikearen eremuari kofradiakoa gaineratzea garrantzizkotzat jo du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!