Antilla hondartzako duna-eremua zabalduko du Itsasertzetako Zuzendaritzak

Karkara 2017ko aza. 7a, 08:43

Zuzendaritzak 2011n sortu zuen duna-eremua, lehenbiziko aldiz, Orioko Antilla hondartzaren mendebaldean helburu nagusi honekin: hondartzari eustea eta hondarraren galera gutxitzea.

Itsasertzetako Zuzendaritzaren Gipuzkoako Ordezkaritzak duna-eremua zabalduko du Antilla hondartzan, argazkian ikusten den zonan. Dagoeneko jarri dituzte eremua mugatuko duten zurezko zutabeak eta laster hasiko dira landaketa egiten.

Hondarrari eusteko ahalegina

Zuzendaritzak 2011n sortu zuen duna-eremua, lehenbiziko aldiz, Orioko Antilla hondartzaren mendebaldean helburu nagusi honekin: hondartzari eustea eta hondarraren galera gutxitzea.

Artean dunak kontsolidatu gabe zeudela, 2013ko otsaileko itsas denboralea gertatu zen eta hark desegin egin zuen guztiz hasierako duna-eremu hura. Hala ere, 2013an bertan berregin zituzten dunak eta gaur egun kontsolidatzen ari da eremu hori. Gutxi gorabehera 5 urte behar dira duna-eremu bat kontsolidatzeko eta, denbora hori oraindik pasatu ez bada ere, nahiko indartuta dago Antilla hondartzakoa. Horregatik, Itsasertzetako Zuzendaritzak duna-eremua ekialdera zabaltzea erabaki du, argazkian gorriz markatuta dagoen eremua hartuz (25 metroko luzeran, gutxi gorabehera).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!