Xabier Etxeberria: «Atzerritar izateak dakartzan aurreiritziez aritzea da nire asmoa»

Aritz Mutiozabal. Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 17a, 12:04
Xabier Etxeberria idazlea. (Utzitakoa)

Augustin Zubikarai Beka jaso du Xabier Etxeberriak, eta orain urtebete izango du Berriro itzuliko balitz proiektua eleberri bihurtzeko. Lan berria aurrekoak baino ilunagoa izango dela dio.

Berriro itzuliko balitz proiektuagatik jaso duzu Augustin Zubikarai Beka. Sari oro dira ongi etorriak, baina oraingo hau ze aldarterekin jaso duzu?

Egundoko poza eman dit, hau esatea topikazo bat den arren, ez nuelako asko espero. Maila handia egoten da Augustin Zubikarai Bekan, eta idazle ugarik aurkezten ditu bere lanak.

Zein izango da istorioaren muina? Alegia, zer izango da berriro itzultzearen desira hori?

Denboran atzera itzuli nahia da istorioaren muinean dagoena. «Berriro itzuliko balitz, iragan denbora arrotza» idatzi zuen Xabier Letek, eta nire liburuaren pertsonaia nagusiek ere horixe nahiko lukete, iraganean egin zituzten okerrak zuzendu edo egin ez zituztenak orain egiten saiatu. Bi hari narratibo nagusi daude: alabarekin harremana galdu eta haren bila dabilen ama baten istorioa, eta alargundu berritan alabatxoa zaindu behar duen euskal musikari batena. Bi kontaketa itxura batean oso ezberdin hauek bat egingo dute liburuaren erdi aldetik aurrera.

Nobela beltzera jo duzu proiektu honetan. Martin anaiarekin batera landu zenuen azken lanean –Gizon gogorren sekretua– baino gehiago?

Beno, hura ere hardcore samarra zen tarteka, baina bai… Honako hau beltzagoa izango da, ilunagoa, eta hala esan baliteke, baita apur bat beldurgarriagoa ere.

Istorioa Euskal Herritik kanpo eraman duzu: Danimarkara. Kontakizuna unibertsalago bihurtze aldera edo?

Kanpotar izateari buruz hitz egin nahi dut liburu honetan. Nobela beltzaren mekanismo guztien azpian, edo haiek aitzaki hartuta, atzerritar izateak dakartzan aurreiritzi, traba eta abarrez aritzea da nire asmoa. Bi aukera nituen horretarako: Euskal Herrian bizi zen atzerritar bat jarri protagonista gisa edo euskaldun bat atzerrian kokatu. Azken hau hautatu dut azkenean, irakurlea kanpotarraren larruan errazago sartzeko.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzan

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!