Mikel Atxega garaile, Europako bodyboard zirkuituko azken proban

Karkara 2017ko aza. 27a, 12:32
Argazkia: Gorka Zabaleta / Baleike.eus

Atzo jokatu zen Zumaia Pro Bodyboard txapelketa Itzurun hondartzan. Junior mailan irabazi zuen txapela bodyboarder oriotarrak.

Asteburuan jokatu den Europako zirkuituko proba, zoragarria izan da Mikel Atxegarentzat: orain artean egin dudan onenetarikoa. Ostiralean eman zioten hasiera Zumaiako txapelketari. Senior mailako lehen txandan aurrera egitea lortu ostean, bigarrengoan maila altua topatu zuen oriotarrak, eta ez zen hurrengorako sailkatu.

Itsas baldintza kaskarrengatik, larunbatean ez zen lehiarik izan, eta txapelketa atzo amaitu zuten metrotik gorako olatuekin. Mikelen hitzetan, Junior mailan eroso sentitu zen hasieratik, eta txanda gehienak ondo pasa zituen. Hala ere, final laurdenetan ia kalera bota zuten: azken bost segundoetan hartu nuen final erdietarako txartela eman zidan olatua.

Finalean Jon Aymar biarriztarra izan zuen aurkari. Espero gabe, lehen momentutik aurrena jarri zen Atxega: ez nintzen ondo lehiatzen hasi, baina finaleko lehen zortzi minutuak pasatakoan, bozgorailutik irabazten nindoala esan zuten. Hortik bukaera bitartean bi olatu on hartu zituen, eta hauei esker irabazi zuen txapela.

Garaipen berezia izan da hau Mikelentzat. Batetik, finalean buruz buru aritu zen lehian lehen aldiz. Uretan aurkari bakarra izanda, tentsio handiagoa sumatu zuen oriotarrak. Bestalde, Zumaiako garaipenarekin bikain borobildu du bere ibilbidea (Sub 18). Hurrengo urtetik aurrera, Open mailan jardutea tokatzen zaio.

Zumaiako Baleike.eus atariak galeria osatu du txapelketako irudiekin. Argazkiak ikusteko, egin klik hemen.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!