Aitor Rubio: "Aspalditik genuen pentsatuta haurren lasterketa bat antolatzea"

Karkara 2017ko aza. 29a, 16:40

Atletismoa herrian zabaltzea xede, Aitor Rubio oriotarrak gaztetxoen atletismo taldeak sortu zituen irailean, Kamel Ziani atletarekin batera. 26 haur dituzte taldeetan, eta jolasaren bitartez egiten dute atletismoa. San Nikolas jaietarako, abenduaren 6rako, Kamel Ziani haur krosa antolatu dute; eta azken prestaketak egiten ari dira.

Zer dela eta sortu zenuten haurren atletismo taldea?
Orion ez zegoen atletismoko talderik, eta atletismoaren inguruko aukera murritza izan da. Jende gehienak futbola, arrauna eta beste kirol batzuk egiten ditu, eta ez da ohikoa den kirol bat. Atletismoa sustatu eta indarra emateko sortu genituen haurren taldeak, irailean.  


Lehen aipatutako kirol horiek egin nahi ez dituen jendeak ere herrian atletismoa egiteko aukera izatea ere bada helburua.  Jende gehienak korrika egitea dela uste du, baina atletismoa ez da hori bakarrik: pisua, hesidun lasterketak, sprintak, iraupen luzeko eta laburreko lasterketak, altuera saltoak... denetik du, kirol konpletoa da eta diziplina guztiak jorratu nahi ditugu gaztetxoekin.  Aurreiritziak alde batera utzi, eta atletismoaren mundu zabala erakutsi nahi genien haurrei.


Zenbat haur dabiltza taldeetan?
LH3tik LH6ra bitarteko 26 haur ditugu, benjaminak eta alebinak. Bi ordutegi ditugu, haurrek eskolaz kanpoko jarduera asko izaten dituzte, eta ez da erraza izan egokitzea. Atletismoa indartu nahi genuela esan dut, eta neurri batean ari garela uste dut: 26a oso zenbaki polita da.


Nola lantzen da atletismoa haurrekin?
Denetik egiten dugu. Eguraldiarekin asko jokatzen dugu, txarra egiten duenean frontoian geratzen gara. Altuera saltoak, hesidun lasterketak eta pisua lantzen ditugu frontoian bertan. Daukagun materiala primerakoa da, eta denetik egiten dugu.


Txikienekin, batez ere, jolasak eta ariketak prestatzen ditugu eramangarriagoa izan dadin. Badakigu entrenamendu guztietan korrika egiten jartzen baditugu, aspertu egingo ditugula; eta hurrengo egunean agian ez dutela etortzeko gogorik izango. Jolasaren bidez kirola egiten entretenitzen ditugu. Krosen garaia denean, gehiago prestatzen ditugu lasterketarako. Lasterketetako distantziak beraiek neurtzen ikastea garrantzitsua izaten da.


Kamel Ziani haur krosa antolatu duzue San Nikolas jaietarako.
Duela urte batzuk egiten zen herrian. Aspalditik genuen pentsatuta haurrentzako lasterketa bat antolatzea, berezia iruditzen zitzaigun. Asfaltoan egiten dira gehienak, baina belarretan egiteko erabakia hartu genuen; bereziagoa da. Kamel Zianiren izena jarri diogu, krosa bera indartzeko asmoarekin.


Inguruko herrietan antolatzen dira antzeko lasterketak: Zarauzko krosa, Azpeitiakoa, Lasartekoa... Guk, ordea, herrian bertan antolatu nahi genuen. Udalari eta jendearen laguntzari esker, primeran antolatu dugu guztia.


Prest duzue guztia?
Bai, gehiena prest dugu. Karela kiroldegitik ere asko lagundu digute. 20 pertsona behar genituen egunean bertan laguntzeko, eta taldeetako haurren gurasoek eskaini digute laguntza. Beti egon dira laguntzeko prest, eta ez dugu inongo arazorik izan.


Haurrak parte hartzera animatzen badira, gustura hartuko ditugu. Izen ematea irekita dugu, eta  Karela udal kiroldegian eman daiteke, abenduaren 1a baino lehen. Dena den, inguruko herrietakoen parte hartzea ere erraztu nahi dugu; eta egunean bertan ere izango dute izena emateko aukera. Herrikoak eta eskualdekoak, guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!