Arazo modernoak jomugan jarri nahian

Karkara 2017ko aza. 30a, 16:30

Bi Bala taldeko kide da Iñaki Gurrutxaga oriotarra. Bertso Egun baten bueltan hasi ziren musika eta bertsoak uztartzen, eta ibilbide oparoa izan du taldeak ordutik. Hirugarren diskoa aurkeztu berri dute.

2013ko Bertso Egunerako prestatu zuten ikuskizunarekin aurkeztu zuten beraien burua jendaurrean Iñaki Gurrutxagak eta Aitzol Barandiaranek, mikroa eskuan eta gitarra soinean.

 
Hasiera horrek "espero ez zuten harrera" izan zuen Gurrutxagaren hitzetan. Batetik eta bestetik deika hasi zitzaizkien, eta eskari bat bazegoela ohartu ziren. Eskari horiei erantzunez hasi ziren jotzen: "Gogoeta handirik gabeko proiektu bat izan da, intuitiboa". Julen Goikoetxea eta Xabier Etxeberriarekin Bi Bala taldea osatu zuten, eta bertso musikatuen ikuskizunak eskaintzen ibili dira ordutik.  Aurreko astean aurkeztu zuten taldearen hirugarren diskoa: Arazo modernoak.


Letrek berebiziko pisua dute Bi Balaren kantuetan: autokritikoak, zorrotzak eta gordinak direla aitortzen du Gurrutxagak. Lagun artean tratatzen diren baina espazio publikoan tokirik ez duten gaiak landu dituzte, begiratu kritiko batetik. Arazo Modernoak ere ildo beretik doa. Aurrekoa baino motzagoa da diskoa, eta kantak zuzenagoak direla uste du.  Gurrutxagaren hitzetan. ez da erraza izan gaiak hautatzea; orain arte ere "asko ukitu" dituzte eta. Hala ere, egunerokotasunean ateratzen diren gaiei heldu diete; eta oraingoan ere izan dute zer esana.  


Arazo modernoak egunerokotasunean «arazorik egon behar ez duten tokietatik arazoak sortzeko gaitasuna" dela uste du Gurrutxagak: «Askotan ur baso txikietan itotzen gara". Disko berriko singleak ere hala dio: Hauek ez dira nik egunero jaten ditudan kiwiak. Arazo "potoloago" batzuei ere heltzeko bidea eman die hala ere disko honek: "Arazo txiki horien atzean dauden arazoei ere heldu diegu".


Urtea amaitu arte, "traka" izango dutela dio Gurrutxagak. Duela astebete eskas aurkeztu zuten diskoa, eta herriz herri dabiltza kontzertuak ematen. Lan berria ezagutzera emateko «zirkulatu» nahiko luketela dio Gurrutxagak, baina "patxada" pixka batekin. Gure Eroyak bigarren diskoaren kontzertuek «nekatu» ere egin zituela aitortzen du, urtebetean 40 kontzertu inguru eman zituzten eta.


Iruñean izan ziren asteartean, eta "harrituta" itzuli zen Gurrutxaga: "Gu baino hobeto zekizkiten disko berriko letrak". Harrera nahiko ona izan duela iruditzen zaio.


Bertsolaritza eta plazaz plazako jarduna "aparkatu samar" duela dio Gurrutxagak: "Bi Balarekin eta arazo moderno pertsonalak direla medio, nahiko utzia dut". Txapelketak "mimoa eta prestaketa" eskatzen dituela uste du, eta horregatik ez da aurkeztu oraingoan. Kanpotik  bizi du, urduritasun handirik gabe baina kezka apur batekin: "Denak dira ezagunak eta badakit jendea zer egiteko gogoz dagoen. Badakigu txapelketa barrutik bizitzea zer den". Nolanahi ere, txapelketa kanpotik bizitzeak  bere abantailak badituela uste du: "Orain jabetzen naiz gauza askotaz".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!