Kultura batzordeko buruak San Nikolas jaien balorazioa egin du

Karkara 2017ko abe. 11a, 15:09

Larunbatean amaitu ziren San Nikolas jaiak, eta Lourdes Salsamendi Kultura batzordeko buruak balorazioa egin du.

Herritar guztiak zoriondu ditu jaien balorazioa egiteko argitaratu duen oharrean. Eguraldiak lagundu ez arren, jendea programan zeuden ekitaldietan parte hartzera animatu dela nabarmendu du.

Jaietan parte hartu duten eragile guztiak ere zoriondu ditu, eta haien lana txalotu du. Herriko merkatari eta ostalariak, boluntarioak, brigadakoak, Udaltzaingoa, kultur etxeko arduraduna eta kultur teknikaria, eta udaleko hainbat langile aipatu ditu, besteak beste.

Alabaina, gazteen parte hartzearekiko kezka adierazi eta agian autokritika egin beharko duela esan du Kultura batzordeko buruak. "Udalak iaz Kuadrillen Eguna antolatu zuen lehenengo aldiz frontoian eta nahiko ondo joan zen, kuadrilla dezente hurbildu ziren frontoira bazkaltzera". Aurten proposamen berarekin jarraitzea pentsatu zutela adierazi du, baina kuadrillen parte hartzea eskasa izan dela uste du Salsamendik.

"Herriko festak denontzat dira eta, zenbat eta jende gehiagok parte hartu, denontzat hobe izango da", azaldu du. Festetako bilerak irekiak direla eta edozeinek parte har dezakela gaineratu du. Haren hitzetan, herritarren eta batez ere gazteen ekarpenak garrantzitsuak dira Festa Batzordearentzat. Hala ere, festen bilerako deialdiak jende guztiarengana ez iristea ere posible dela uste du: "Gure aldetik hausnarketa sakona egingo dugu, ikusteko ea zein eratara egin dezakegun deialdia, ahalik eta jende gehienarengana iristeko".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!