Aratz Oliden: "Denboraldi ona izan da aurtengoa, baina beti dago zer hobetu"

Karkara 2017ko abe. 22a, 10:34

Bankoa-Diario Vasco esku pilota txapelketako finala jokatuko du Aratz Oliden oriotarrak Josu Agirreamalloarekin Zumarragan, gaur. Autobusa antolatu dute Oriotik Oliden ikustera joateko, eta 15:30ean irtengo da, geltokitik. Gogotsu dago pilotari oriotarra gaurko partidarako.

Nola ikusten duzu zure burua gaur jokatuko duzun finalaren aurrean?

Txapelketa garrantzitsua eta finala dela jakinda, oso urduri nago. Horiek kontrolatzen baditut eta ondo jokatzen badut, gustura izango naiz. Astelehenean ohiko entrenamendua egin nuen, eta asteartean izan genuen piloten aukeraketa, eta ondoren berriz entrenamendua egin genuen Josu eta biok. Gogotsu nago finalerako.

Nola ikusten dituzu arerioak?

Oso onak izango direla uste dut. Ehuneko ehuna eman beharko dugu, Zarautzen ikusi nituen finalaurrekoetan jokatzen, bikote ona egiten dute. Ondo jokatu beharko dugu txapelketa irabazteko.

Nolakoa izan da denboraldi hau zuretzat?

Oso ona izan dela uste dut. Urte guztian maila eman dudala sentitzen dut, eta gustura nago nire errendimenduarekin; baina beti dago zer hobetu. Datorren urterako baditut gauzatxo batzuk: ikuslearen presiorik gabe jokatzea, kontzentrazioa, atzetik aurrera hobeto etortzea, gerria jaistea pilotari gogor emateko... Akats txiki horiek hobetu nahi ditut.

Herriko zaleak izango dituzu ikusleen artean.

Klubekoak, familiakoak, lagunak... Sarrera asko eskatu ditut, eta Orioko Udalari eskatu genion autobusa jartzeko. Azken finean, Zumarraga ez dago oso gertu... Laguntza bat izan da jendea errazago joan dadin.

Aratz Oliden pilotaria ezagutzera emateko aproposa da finala?

Ez dut pentsatzen jendeak zer pentsatuko duen edo nola jokatu dudan. Ni nire bikotearekin partida on bat jokatzera eta irabaztera noa. Pentsa nezake profesionaletara salto egin dezakedala, baina ez dut hori buruan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!