Jaitsi egin da euskararen erabilera Orioko kaleetan

J. Zabaleta 2017ko abe. 27a, 18:30

Orioko Euskara Zerbitzuak bi urtetik behin neurtzen du euskararen erabilera kaleetan. Aurtengo maiatzean egin da azken neurketa, eta konfirmatu egin da lehendik sumatzen zen joera: euskararen erabilera jaitsi egin da kalean, bereziki helduen artean –25-64 urtekoen artean–.

Helduek, batez beste, %50 egiten dute euskaraz kalean, neurketaren arabera –%49,50, zehatz esateko–. Inoizko daturik baxuena da, 1989an lehen neurketa egin zenetik. Haurrek eta gazteek, berriz, %75 inguru egiten dute euskaraz; eta zaharrek, %62.  Erabilera-indize orokorra, adin guztiak kontuan hartuta, %60koa da.

Euskararen erabilerari dagokionez, ez dago alde handirik emakumeen eta gizasemeen artean. Berdin samar egiten dute.

Bestalde, nabarmena da, haurrak tartean direnean, helduek dezentez gehiago egiten dutela euskaraz: elkarrizketan haurrik ez dagoenean, nagusiek %51 egiten dute euskaraz; baina, haurrak tartean direnean, portzentaje hori %67ra igotzen da.

Erabilera jaisten

Azken urteotan jaitsi egin da Orion euskararen kaleko erabilera. Eta ez da Orioko kasua bakarrik: joera orokorra da herri euskaldunenetan. Gauza bera gertatzen ari da, esaterako, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea –UEMA– osatzen duten herri gehienetan.

Paradoxikoa da, nolabait: UEMAko herrietan –eta Orion ere bai, beraz– egin da ahaleginik handiena euskararen erabilera bultzatzeko eta egoera asko hobetu da alor formaletan: udaletan, ikastetxeetan, komunikabideetan… Horietan guztietan aurrerapauso handiak eman ditu euskarak; baina, aldi berean, indarra galtzen ari da bere-bereak zituen esparrutan: kalean, lagunartean, familian…

Mila eta bostehun biztanle gehiago

Azken hamabost urteotan Orio handitu egin da eta, horrekin batera, biztanle-kopurua ere bai: 4.500 inguru oriotar ginen 2001ean eta 6.000ren bueltan gabiltza dagoeneko. 1.500 biztanle berri dira, populazioaren %33 gehiago.

Horrekin batera, euskaldunen portzentajea ere jaitsi egin da: 2001ean %80 ziren euskaraz ondo hitz egiten zuten oriotarrak; 2011n, berriz, %76 –horiek dira dauzkagun azken datuak; datorren urtean publikatuko dira 2016koak–.

Euskaldunen arteko erabilera bultzatu

Haurren euskalduntasuna bermatzeko tresna onak ditugu herrian: D ereduko bi eskola, eskolaz kanpoko eskaintza oparoa euskaraz, Txurrumuski aisialdi-elkartea, ludoteka, gaztelekua… Helduak euskalduntzeko, berriz, oso inportantea da Euskaltegi berriak betetzen duen funtzioa, 60tik gora laguni ematen baitio zerbitzua urtero.

Baditugu tresnak, beraz, euskararen ezagutza-datuak hobetzeko etorkizunean; baina, Orioko herriaren izaera euskaldunari eutsi nahi badiogu, erabilera handitzea da erronka gaur egun. 

Horretara bideratutako egitasmoak jarriko dira martxan datorren urtean Euskal Herri osoan, herritarren, euskararen aldeko elkarteen eta administrazioen artean antolatuta. Toki batzuetan hasita daude dagoeneko lanean –Lasarte-Orian, Agurainen, Hernanin…– eta emaitza onak izan dituzte. Orion ere badugu zerbaiten premia!

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!