Erosi, alokatu edo zer?

Etxebizitza oinarrizko eskubidea izan arren, asko dira etxea alokatu edo erosteko zailtasunak dituzten herritarrak. Nola dago gaia Orion?

Espainiar Estatuko burbuila inmobiliarioa, kapitalismo garaiko prozesu espekulatibo handiena izan zela adierazi zuen The Economist hedabide espezializatuak 2005eko ekainaren 18an. 1997 eta 2007 artean, eraikuntza izan zen ekonomiaren motor handienetako bat, eta urtean eraikitako etxebizitza kopuruak izugarri egin zuen gora.

Adreiluan oinarritutako hazkunde ekonomiko itxuraz geldiezinak, herritarren gehiegizko zorduntzea izan zuen erregai nagusia; Espainian –eta hego Euskal Herrian– prezioak ia %150 garestitzera ere iritsi ziren. Puztutako zenbaki horiei aurre egin ahal izateko, epe luzeagoan ordaindu zitezkeen kredituak eskatu zituzten erosleek, eta ondorioz, hamar urtean hirukoiztu egin zen herritarren zorduntzea.

EAEn espekulazioak ez zuen Espainiakoaren dimentsiorik eduki, baina dudarik gabe, eragina jasan zuen. EUSTATen arabera, 2008an EAEn 103.635 langilek egiten zuten lan eraikuntza sektorean, eta bost urtera zifra 58.847-ra jaitsi zen. Badira beste datu esanguratsu batzuk ere. 1997an obra berrientzat 1.795 lizentzia eman ziren, 2008an 1024, 2009an 578 eta 2016an 518.

Orion 419 etxebizitza huts

90eko hamarkada hasieratik gaurdaino,  Orion 1.060 etxebizitza inguru eraiki dira. Gaur egun 2727 ditugu guztira  herrian, eta horietatik 419 hutsak daude; alegia, %15,36-a. Etorkizunera begira, Oriok gehienez 418 etxebizitza gehiago egiteko aukera eskaintzen du. Paloten gunea gehituz gero, guztira 1.148 eraiki ahalko lirateke.

Alokairuak puztuta

Karmele eta Imanol Garmendiak erabilitako etxebizitzen salmenta eta alokairuak kudeatzen dituzte, errio ondoan duten bulegoan. Azken urtetan alokairuen prezioetan antzeman dute aldaketarik handiena. Hori dio Karmelek: Krisiarengatik jendeak pisuak erosteko zailtasunak dituenez, alokairu eskaera asko igo da. Honen ondorioz, prezioak nabarmen garestitu dira.

Orion etxe merkeenak hilean 450-500 euroren truke alokatu daitezke, baina ez dira asko, eta berehala okupatzen dira. Igogailua duen etxe zahar txukun baten errenta 650 euro inguruan dabil, eta etxe berriena 750-800 eurotan. 

Etxe zaharren prezioak merkeago 

Azken urtetan merketu egin dira erabilitako etxebizitzen merkatuko prezioak. Karmeleren esanetan, 270.000 eurotan salgai jarritakoren bat 180.000raino ere jaitsi dute. Gutxi gora behera, Orion metro karratuak 2.200 euroko prezioa du gaur egun; Goiko Kalen eta Anibarko Portuan gutxixeago. Bigarren eskuko etxe berri xamarraren metro karratuak 3.000 euro inguruan balio du.

Garmendiatarren gestorian, Orioko etxerik merkeenak 140.000 euroko prezioa dauka, eta egokitze obra egin beharko litzaioke sartu aurretik. 170.000 euro inguruan, badituzte bizitzen jartzeko moduko etxeak salgai. Karmeleren hitzetan, orain asko negoziatzen dira zifrak. Krisiarekin jendea zuhurragoa da, eta pisuak saltzea gehiago kostatzen da. Dena den, azken bi urtetan etxe dezente saldu ditugu, nabari da mugimendu pixka bat.

Etxe berrien prezioak 1996tik 2003ra hazi ziren gehien, eta 2006 urte bukaeran jo zuten goia. Orion 1992an 1.000 euro inguru balio zituen etxe berrien metro karratuak. 1996an 1.200 euro,  2000an 2000 euro, 2003an 3.500 euro, 2006an 4.800 euro, 2009an 4.000 euro, 2011an 3.700, 2015an 3.600 eta gaur egun 3.800 –gutxi gora beherako batezbesteko datuak.-

Alokairu sozialerako aukera Anibarko Portuan

Orioko Anibarko Portua auzoan Udalak lokal batzuk dauzka, eta horietan alokairu sozialeko sei etxebizitza egitea aho batez onartua dago. Eusko Jaurlaritza prest legoke etxebizitza horien obraren zati bat ordaintzeaz gain alokairuen kudeaketa ere bere kargu hartzeko; beraz, Udalak ez luke inbertsio ekonomiko handirik egin beharko. Itxura guztien arabera, alderdi bat baino gehiagok 2018ko aurrekontuetan proiektu hau gauzatzea proposatuko dute.

Kooperatibak sortu, etxeak eraikitzeko

Duela hilabete batzuk kooperatiba bat sortzeko saiakera egin zen herrian.  Kalean  Orion bizi nahi al duzu? galdera –gazteleraz– nahikoa agerian zuten kartelak jarri zituen Orion Bizi taldeak. Etxebizitza berriak eraiki nahi zituzten, merkatukoak baino prezio baxuagoan. Nola? Kooperatiba bidez, promotore pribatu batek egiten duena eginez. 

Hiru fase zituen beren proposamenak: bazkideak bildu –35-40 pertsona–, begiz jota zuten Udalaren lur sail bat erosi, eta etxebizitzak eraiki.

Sustatzaileen arabera, etxe berri baten kostua %20-25 jaistea aurreikusten zuten. Prezio hauek kalkulatzen zituzten beren txostenean: gela bateko etxebizitza 130.000 euro –57m2–, bi gelakoa 150.000 euro –76m2–, hirukoa 200.000 euro –108m2– eta laukoa 220.000 euro –120m2–. Prezioan, garajea eta ganbara barne. Kalean jarritako kartelez gain, Orion Bizi taldeak ez du beste ezer eman argitara. 

Etxebizitza, eskubide subjektiboa

Etxe berri eta erabilien prezioak merketu egin dira, eta hipoteken interesak baxu daude, baina oraindik ere, Orion garestia da etxebizitza bat erosi, edo batez ere, alokatzea; are gehiago, gazte –eta helduen– egungo lan baldintza makurrak kontuan hartuz. Etxebizitza eskubide subjektiboa dela esan daiteke.

Gaiaren inguruan, Udalean gauza interesgarriak egosiko dira datozen hilabete eta urteetan. Etxe kopuru txikia izan arren, Anibarko Portukoa derrigor gauzatu beharreko proiektua da. Bestalde, Erribera auzoko harrizko parkinean eta Diken etxeak egingo badira, batzuk Babes ofizialekoak izan beharko dute, legeak hala behartuta. Alokairu edo jabetza bidez kudeatuko diren ikusteko dago. Errentaren aldeko apustua egiten ari da Eusko Jaurlaritza azken aldian. Bestalde, Orioko etxe huts kopuruak oso altua izaten jarraitzen du. Ezin al da hauetan errenta sozial bidez kudeatzeko proiekturen bat egin?

 

“Hipotekak ez luke hileko diru sarreren %35a gainditu behar"

Aitor Hoyos
Orioko Caixabank sukurtsaleko zuzendaria

Azken hamar urtetan, zein aldaketa nabarmendu dituzu Orioko etxeen sal-erosketan?

Gure bulegoa 2007an ireki zen. Lehen bi edo hiru urtetan merkatu hipotekarioak geldialdia izan zuenez, mailegu gutxiago eman ziren. Azken urtetan mantsotze hori mantendu da, baina 2017an, azken hilabetetan batez ere, Orioko zifrak igo egin dira etxe berri promozio batengatik –Muntokoak–. Prezioei dagokienez, etxeak krisi aurreko zifretan dabiltzala esan daiteke, gutxi gora behera: metro karratua 3.000 eta 3684 euro artean dago, lokalizazioaren arabera. Epe labur eta ertainean, ez da aurreikusten metro karratuaren prezioa KPIa baino gehiago igotzea. 

Nola dago Euriborra? Eta interesak?

Momentu honetan urtebetera -0,19%ra dago, tendentzia negatiboarekin, baina gure aurreikuspenen arabera, hemendik hiru urtera balore positiboan egongo da, goraka doa. Oraintxe 20 urteko hipoteka finko baten interesa %2 ingurukoa da, bezeroak banketxean soldata, seguru eta aurrezkien zerbitzuak kontratatuz gero. Duela urte batzuetatik, gure banketxeak hipoteka finkoaren aldeko jarrera du. 

Etxe bat erosteko momentu ona al da?

Nire ustez, bai. Mailegu hipotekarioen eskaintza lehiakorra da, eta etxebizitzen prezioak ere aurreko urteetan baino erakargarriagoak dira, dagoeneko pixka bat igotzen hasi diren arren.

Ze baldintza jartzen dituzue hipoteka bat emateko?

Etxebizitzaren kostuaren %20a erosleak aurreratu behar du. Banketxeak gehienez %80 jartzen du gaur egun. Bezeroak banketxeko kontuan irregulartasunik ez izatea ere hartzen da kontutan.

Soldataren ze proportzio bideratu behar da hipotekara gehienez?

Ez luke diru sarreren %35a gainditu behar.

 

“Ekonomiaren hobekuntza ez da soldatetan antzeman”

Koldo M. Zabalza
Ekonomia eta enpresa zientzietan Doktorea eta EHUko irakaslea

Zein egoeratan dago ekonomia EAEn?

2016an euskal ekonomiak krisiaren aurreko BPGaren maila berreskuratu zuen. 2017an goranzko joerak jarraitzen du, %3-ko hazkundearekin. Krisiarekin herritarrek galdutako ahalmen ekonomikoa handia izan da, Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluaren arabera galera %5ekoa. Gaur egun egoera hobetzen ari den arren, ez da langileen soldatetan antzematen. Ekonomia hazkundearen irabazien banaketak justua izan behar du. 

Zerbait ikasi al dugu krisiarekin?

Gobernuek, banku zentralek, gainbegiratzaileek eta banku-erregulatzaileek finantza sistema kontrolatzeko tresnak eta erregulazioak hobetu behar dituzte. Esparru horretan aurrerapenak egon dira, baina ez dira nahikoa izan. 

Etxe bat erosteko garai ona al da orain? Soldataren ze proportzio bideratu behar da hipotekara gehienez?

Gaur egun, merkatuan etxebizitza berrien eskasia dago, eta interesgarria litzateke eraikuntza berriaren hornikuntza handitzea. Bestalde, interes-tasak nahikoa lagungarriak dira, Euriborra 2016ko otsailetik balio negatiboan (-0,189%) baitago . Jendeak hipotekak amortizatzeko batez beste 18 urte behar dituela kontuan hartuz, eta Euriborrak gora egin dezakeela jakinik, orain hipoteka bat hartuz gero, interes finkokoa izan daiteke egokiena. Eroso bizi ahal izateko, hilero ordaindu beharreko zifrak ez luke soldata garbiaren %25a gainditu behar.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!