E. Arzadun: “Gaur egun, haurrak baino hobeto zaintzen ditugu idiak”

Karkara 2017ko abe. 28a, 16:30

Hamalau urte zituenetik dabil dematan Arzadun, auzokide bati laguntzen lehenbizi, bere idi propioekin gero. Urte ona izan du 2017a, jokatu duen guztia irabazi baitu, tartean Aiako Kintopeko idi probak.

Andatza auzoko Etxeberri baserrianjaio zen Eusebio Arzadun –Aia, 1961–. Han jaio zen, eta han bizi da orain ere. Lorezain ofizioz, Donostiako Udalean aritzen da egunean zehar. Etxera itzultzean, berriz, idiak ditu afizio eta pasio. Aurten poz iturri ere izan ditu animaliak; hiru apustu eta Kintopeko probak jokatuta, guztietatik bueltatu baita txapeldun etxera. Idiekin sartutako orduek fruituak eman dituztela-eta, pozik dago Arzadun.

Noiz hasi zinen idiekin?

14 urte nituen garaian hasi nintzen, tailerrean bazen idiak ekarri zituen bat, Arrillaga, eta harekin hasi nintzen idiak prestatzen eta mendira eramaten. Gero, baserrian ere aritzen nintzen ganaduarekin uztarrian, aitarekin. Gustatu egin zitzaidan eta horrela hasi nintzen idiekin. 

Zein probaleku duzu kuttunena?

Herrikoa beti izaten da berezia. Etxeak gehiago erakartzen du. Gainontzean, Bizkaira ere gustura joaten naiz eta, orokorrean, ez daukat arazorik edozein probalekurekin. 

Eta zein da zuretzat hoberena?

Ez da probaleku hobeagorik, idiak dira gakoa. Animalia prestatu, hezi, uztarrian lanean jarri... ordu asko sartu behar dira idia pestatzeko. 

Lan gogorra al da?

Bai, asko gustatu behar zaizu hau egiteko. Ordu asko pasa behar dira eta animaliarekin ibili egin behar da. Batzuetan, asko ibiliagatik ere atera ohi dira idi txarrak, baina ez dago ibili gabeko onik. Beste kiroletan bezala, entrenatu eta saiatu gabe ez dago emaitza onik. 

Guk gazterik ekartzen ditugu idiak, eta orain ditudanak bost urte pasatxo izango dituzte. Galiziatik ekartzen ditugu, eta etxean hezten ditugu.

Txahal txiki horietatik idi pare txapeldun bat ateratzeko, zenbat denbora behar izaten da?

Batzuek sei urterekin ateratzen dituzte, baina ni ez naiz zalea, oraindik bigunak egoten direla iruditzen zait. Nik 8-9 urterekin ateratzen ditut, etxean ondo ibili eta gero; pazientzia izan behar da. 

Idien pisua mantentzea zaila al da?

1.100 kilo pisatu behar du bikoteak eta hortik pasatzen den kilo bakoitzeko, kilo eta erdiko gainzama jarri behar dugu harrian. Pisutik ez pasatzeko azken egunetan dieta berezia egiten diegu eta hustu egiten diegu sabela, ahalik eta kilo gutxien hartzeko. Nahiko komeria ibiltzen dugu horretarako. 

Zenbat idi dituzu?

Lau idi ditut orain dematan parte-hartzen dutenak, eta badut beste bikote gazte bat, pare bat urtean prest egongo dena kintopekotan irteteko. 

Bikote berak ibiltzen al dituzu beti?

Orain arte hala egin dut, behintzat. Idi asko dituztenek nahastu egiten dituzte, aukera dutelako. Gu, ordea, bi idi ekarri eta haiekin aritzen gara denbora guztian. 

Idiak plazara eraman eta ekarri egiteko nola moldatzen zarete?

Kamioi txiki bat dut eta hor mugitzen ditut idiak. Proba edo apustua Aian denean, goizean pisaketa egin eta etxera ekartzen ditugu iluntzera arte. Bizkaian denean, berriz, han inguruan uzten ditut eguna pasatzen, konfiantzazko norbaiten baserrian. 

Azkenaldian irabazi dituzu proba batzuk.

Lau proba jokatu ditut aurten: hiru apostu eta kintopeko probak, eta guztiak irabazi ditut. Urte ona izan da. Kintopeko idi probatan bigarren geratu zenak bota zidan azken apustua, egun berean ez genuen jokatu eta aurrez aurreko apustua egin nahi zuela. 

Espero al zenuen manta irabaztea?

Irabaztea ez dakit baina hortxe ibiliko nintzela pentsatzen nuen. Idi pare onak zeudela ikusten nuen, Iñaki Olidenenak, adibidez, baina nire artean pentsatzen nuen estuasun bat emateko moduan ibiliko nintzela. Esperantza banuen, behintzat. 

Federazioak kontrolatzen ditu proba guztiak, zorrotzak al dira?

Garai batean, esaterako, akuiluarekin gogorrago eragiten zitzaien idiei. Orain, hori ikusten badute, segituan hartzen diete kargu itzainei eta kanporatu ere egiten dituzte probatik. Federazioak animaliekiko errespetu handiagoa egotea bultzatu du. Zorrotzak dira, eta beharrezkoa ikusten dutenean txartela ateratzen dute. Horretarako daude. 

Animalista askok demak kritikatzen dituzte, animaliek sufritu egiten dutelako.

Gaur egun, haurrak baino hobeto zaintzen ditugu idiak . Pixkabat izerditu orduko mantak aldatzen dizkiegu, epelean izaten ditugu, jana ahal den onena ematen diegu... Garai batean, baserriko lanerako erabiltzen zirenean, goizean uztartu eta egun osoa uztarrian pasatzen zuten, eta jan ere justua egiten zuten. Orain, kapritxoan zaintzen ditugu. 

Asko aldatu al dira demak garai batetik hona?

Jende gutxiago aritzen da idiekin gaur egun, diru gutxiago dago eta jendeak nahiago izaten du beste planak egitea idietan gastatzea baino. Hori bai, apustuetan beti dago jendea ikusten, auzoetatik gazte jendea etortzen da. 

Idiekin ere ibiltzen dira gazte batzuk Bizkaia aldean. Orion eta Aian, Oliden eta Erreista ditugu, eta Izeta ere zerbait jarduten da. Garai batean askoz gehiago ibiltzen ginen.

Nola ikusten duzu idi demen etorkizuna?

Lehen, lana egiteko idiak izaten ziren baserrietan, eta errazagoa zen idi pare ona plazara eramatea. Gaur egun, horretarako ekarri eta hezi behar ditu norberak, eta jende gutxiago animatzen da. Zail dago demen etorkizuna. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!