M. Garcia: “Jubilatu arren, argazkiak egiten jarraituko dut”

Karkara 2017ko abe. 29a, 11:00

Maite Garciak udazken honetan itxi du Ramiro aitak 1961ean zabaldu zuen negozioa. Bien artean, 50 urtetik gora eman dituzte Orioko bazterrak, ekitaldiak, ospakizunak eta herritarrak dokumentatzen.

Maite Garcia 
Argazkilaria

Hemendik aurrera, nahikoa denbora izango du kamera lepotik plazerez zintzilikatu eta patxadaz bidaiatzeko. Argazkiak egiteko, telefono mugikorra ez zaiola gustatzen aitortu digu; argazkilaritza berarentzat droga bat dela ere bai.

Altxor ederra izango da aita eta bion artxiboa.

Ondo gordeta ditut argazki eta negatibo guztiak. Denbora dudanean, dena behar bezala aztertu eta irudi onenekin zerbait egitea gustatuko litzaidake. 

Txikitatik ikusiko zenuen bera kamera eta argazki artean.

Arin & Embilen egiten zuen lan. Saltsero samarra zen, eta argazki kamera bat erosi zuen. Garai hartan, oso gutxi izango ziren herrian, eta jendeari erretratuak egiten hasi zen. Autodidakta zenez, liburu artean gogoratzen dut, bere kabuz ikasten. Etxean laborategi eta estudio txiki bat muntatu zituen aurrena. Argazkilaritza geroz eta gehiago gustatzen zitzaiola ikusirik, 1961 zabaldu zuen negozioa. 

Argazkilari fina zen Ramiro.

Bai, oso saiatua. Gipuzkoako argazkilari elkarte bateko kidea zen.  Ikastaroak, bidaiak eta halakoak antolatzen zituzten, beste argazkilarien lanak ikusiz ikasten jarraitzeko. 

Bera izan al zenuen maisu?

Umetan karreteak errebelatzeko likidoak, hautsak etab. maneiatzen erakutsi zidan. Gero, 16 urterekin Madrilen izan nintzen urtebetez, akademia batean. 

Gerora, izan al duzu gogoan berak esandako zerbait?

Nire lan batzuei begira zebilela, bere maila gainditu nuela aitortu zidan behin. Ederra izan zen aitarengandik hori entzutea. 

Argazkilari profesionala izan aurretik, irakaskuntzan aritu zinen.

Madrildik etorri eta aitarekin bi urtez lan egin ostean, ofizio berriren bat ikasteko beharra sentitu nuen. Unibertsitatera joan nintzen, irakasle-eskolara. Karrera amaituta, 15 urtez izan nintzen irakasle. 1992an aita jubilatu zenean, berari erreleboa hartu eta argazkigintza profesionalean zentratzea erabaki nuen. Etxeko negozioari jarraipena eman nahi nion.

Argazkilaritza asko aldatu da urte gutxian. Analogikotik digitalerako saltoa ematea gogorra egin al zitzaizun?

Ez, argi ikusi nuen etorkizuna hortik zetorrela. Berehala hasi nintzen ikastaroak egin eta formatzen. Anekdotatxo bat ere badut gogoan, honen harira. Photoshopekin lanean nenbilen batean, aita inguruan zebilen. Ordenagailuarekin argazkiari beltzune bat nola kendu erakutsi nionean, ezin zuen sinetsi. Ene, nik ia bista ere galdu dut  halakoak egiten! bota zidan harriduraz. Digitalizazioak azkarrago lan egiteko aukera jarri zigun eskura. 

Alde txarren bat ere ekarriko zuen.

Bai. Kamera analogikoekin gehiago pentsatu behar zen klik egin aurretik, eta horrek azken emaitza hobetzen zuen. Argazki kamera digitalekin, orokorrean, ateratzen den argazki kantitatea handiagoa da, eta ez da hainbeste pentsatzen. Bestalde, lehen bezero asko etortzen zen dendara argazkiak errebelatu eta kopiak egitera. Kamera digitalekin diru sarrera hori asko jaitsi zen. 

Urte hauetan guztietan, lanaz gain argazki asko egin al dituzu afizioz?

Bai. Bidaietan, adibidez, asko. Oraindik ere argazki kamera eramaten dut lepoan. Lagunek mugikorrarekin ateratzen dituzte argazkiak, baina gero nireak nahi izaten dituzte... kar kar kar.

Ikaragarria da mugikorrarekin ateratzen dugun argazki kantitatea.

Bai, halaxe da. Telefonoarekin ateratako argazkiek funtzio jakin bat bete dezakete, baina kalitateari begiratuz, oso gutxi dira onak; batik bat, pentsatu gabe ateratzen ditugulako.

Zein ezaugarri izan behar ditu argazki on batek?

Bada falta ezin den zerbait, funtsezkoena dena: argia. Argazki ilun bat oso ona izan daiteke, baina iluntasun horrek ondo argiztatuta egon behar du. Argazkia egin aurretik argiari erreparatu behar zaio lehenik, nondik datorren ikusi, ze intentsitate duen kalkulatu. Bestalde, argazkiko subjektua pertsona bada, keinua ere garrantzitsua da niretzat. Irudiak zerbait komunikatu behar du.

Benetako argazkilaria, inoiz erretiratzen al da?

Ez dut uste. Nire kasuan behintzat, argazkiak egiten jarraituko dut. Nire izaeraren zati garrantzitsua da argazkilaritza, utzi ezin den droga baten antzeko zerbait.

Orion beste bi negozio itxiko dituzte laster jubilazioagatik. Zergatik ez dute jarraipenik?

Komertzio txikientzat gauzak asko zaildu dira. Jendea gehiago joaten da zentro komertzial eta halako lekuetara. Hala ere, dudarik gabe, internet da jendearen kontsumo aldaketetan gehien eragin duen faktorea. Zaila da konpetentzia horiei aurre egitea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!