Finalaren aurretik Txorieneko sukaldean

Karkara 2017ko abe. 29a, 14:30

Herri baten bizimodua errezeta liburutan jasotzen da. Lagunarteko otorduak; etxeko jan ohiturak; baratza, ibaia eta itsasoa; jatetxeetako sukaldeak... ikasteko lekuak dira denak. Mahaiaren bueltan gauza asko egin daitezke. Interesgarrienak bi: jan eta berriketan egin. Goazen Orioko errezeta liburua idaztera.

ETBko Txoriene sukaldaritza saioan ikusi dugu oriotar bat. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aitzakian elkarrizketatu dituzte Xebastian Lizaso bertsolaria eta Jon Agirresarobe Txapelketa Nagusiaren koordinatzailea. Marmitakoa prestatu du oriotarrak eta azpeitiarrak probatu. Bertsolaritzaz aritu dira baina tarte batean hizpide izan dute Karkarako Mahai bueltan sukaldaritzari eskainitako atala.

Maialen Lujanbio txapeldunaren agurreko bertsoarekin igandean amaitu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia. Oriotar dezente izan zen Barakaldon: Errikotxia bertso eskola osorik, koadrilan edo familian joandako taldeak mordoxka. Lanean ere bai bakarren bat: Xabier Sukia esateri Euskadi Irratian, peto horia jantzita aniztasun funtzionala duten entzuleei laguntzen Iñaki Gurrutxaga, Txapelketaren eta finaleko antolakuntzaren koordinazio lanetan Jon Agirresarobe. 

Oihartzun mediatiko zabala izan du bertsoak azken hilabeteetan. Horren adibide, lau egun lehenago Txoriene programan agertu zen Agirresarobe. Abenduaren 13an Santa Luzia egunez eskaini zuten hilabete lehenago grabatu zuten saioa. Eguzkitsu grabazio egunean, euria goi eta behe emisioan. Aurrez grabatzearenak badu beste arrisku edo zailtasun bat: finalaz hizketan aritu ziren finalistak zein izango ziren jakin gabe, finalaurrekoen bigarren buelta hasteko baitzegoen marmitakoa prestatu zen egunean. Makillajea ez da, beraz, telebistaren tranpa bakarra. 

Mantal urdinak soinean ordubeteko berriketaldia jaso du Txorienek. Sukaldean oriotarra, hizketan gelditu gabe Zigor Iturrieta eta Xebastian Lizaso. Bertsolaritzaren bueltako gaiak izan zituzten hizpide, baina oriotarrak sukaldeko kontuak aipatu zituen aurkezle durangarraren galderak erantzunez. Amaren eta soziedadeko bazkideen laguntzarekin ikasi du sukaldean. Errezetak berritzeagatik Aldapako bazkideen ahotik entzundako errieta saioak ere kontatu ditu. Tartean izan dira herriko marinelen, koadrilako afarien eta festa zinegotzi lanetan aritu zen lau urteetan antolatutako herri bazkarien aipamenak. Karkara eta Mahai Bueltan atala ere aipatu ditu oriotarrak: hilero-hilero, sukaldaritza abiapuntu hartuta aiar bat edo oriotar bat elkarrizketatzen du Agirresarobek.     

Marmitako gorrizta atera da. Hala gustatzen zaio, piper zapore handikoa egiten du aukeran, txispa pixka batekin. Txorienekoa Iturrietak eta Lizasok probatu dute eta goxoa dagoela aitortu. Tuperrean ekarri du zati bat oriora, etxekoek eta soziedadeko lagunek probatu dezaten. Norbaitek elkarrizketa osorik ikusi nahi badu: http://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/txoriene/kapituluak/ loturan aurkituko du. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!