Bederatzi puntutik zortzi onartu zituzten, urteko azken udalbatzarrean

Karkara 2018ko urt. 3a, 20:17

EAJri konpromisoak ez betetzea aurpegiratu zioten, galdera eta eskarien tartean; Plan Orokorraren osaketa oso mantso doala ere bai.   

Lehengo asteazkenean, abenduaren 27an, egin zen urteko azken udalbatzarra. Hauek dira landu ziren puntuak:   

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, Udalbatzarrak 2017ko urriaren 31n egindako ohiko bilkurako aktaren zirriborroa. ONARTUA (aho batez)

2.- Behin betikoz onartzea, egoki bada, Orioko bide publikoen inbentarioa. ONARTUA (8 aldeko boto, 5 abstentzio)

3.- Lehen onarpena ematea, egoki bada, Erretzabal-Munioeta 14 bide publikoaren desafektazioari, Orioko Etxaiz baserriaren inguruan, espedienteko dokumentazio teknikoarekin bat etorriz. BERTAN BEHERA (6 aldeko botorekin, gehiengo absoluturik ez duelako)

4.- Dagozkion erabakiak hartzea, egoki bada, Urola Kostako Udal Elkarteak emango duen eskualdeko herrietako etxe, komertzio, zerbitzu eta industriek sortutako hondakinak bildu eta garraiatzeko zerbitzuari buruz. ONARTUA (aho batez)

5.- Dagozkion erabakiak hartzea, egoki bada, Orioko bide publikoetako aparkalekuei buruz. ONARTUA (aho batez)

6.- Onartzea, egoki bada, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun Politika Departamenturako maila ertaineko teknikari lanpostua jabetzan betetzeko oinarrien aldaketa, kontu bakar honi dagokionez: epaimahai kalifikatzailearen osaketa. ONARTUA (aho batez)

7.- Onartzea, egoki bada, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritza legaleko zentsuko datuen kontsultari buruzko D-7 eranskina. ONARTUA (aho batez)

8.- Onartzea, egoki bada, auto-taxi zerbitzuaren tarifa urbanoen proposamena 2018rako. ONARTUA (aho batez)

9.- Onartzea, egoki bada, EH Bildu talde politikoak aurkeztu duen mozioa, Lanbide Heziketako ikastetxeetan inbertsio publikoak egiteko beharrari buruz. ONARTUA (aho batez)

A. Priede (PSE-EE): “EAJak ez ditu bere konpromisoak betetzen”

Orioko PSE-EEko Ana Priede izan zen eskari eta galderen tartean hitza hartzen lehena. Honako adierazpenak egin zituen:

"2017ko aurrekontuetan EAJak konpromiso batzuk adostu zituen oposizioko alderdiekin, aurrekontuak aurrera eraman ahal izateko. Besteak beste, hirigintzan, obretan eta zerbitzuetan 17 inbertsio aurrera eramatera konprometitu zen; hauetatik 8 bakarrik bete dituzte.

Gobernuko taldeak lan eta gestio kronograma bat beteko zuela ere agindu zuen, eta hau ere ez dute bete; besteak beste, Udalarentzat garrantzi berezia duen Plan Orokorra ez dute garatu, eta herriko pobreziaren inguruko ikerketa ere egiteko geratu da.  

Bestalde, plenoetan Udaleko funtzionamenduaren inguruko oinarrizko galderak egin zaizkienean, “ez dakit” edo “pasa egingo zitzaidan” bezalako erantzunak eman dituzte. 

Orioko PSE-EEk argi du: aurten ere, EAJk ez ditu bere konpromisoak bete. Hau ez da gure iritzia, martxoaren 23ko eta urriaren 31eko udalbatzarretako aktak irakurriz gero egiaztatu daiteke dena. Akta guztiak Orio.eus webean daudenez, herritarrak horiek irakurtzera gonbidatu nahi ditugu gure alderditik."

Emeterio Iribar (EH Bildu): “Mina eman digu, bereziki, herriko egoera sozialaren diagnosia ez egiteak”

Bilduko Emeterio Iribar zinegotziak adierazi zuenez, beren alderdiari min eman dio herriko egoera sozialaren diagnosia ez egiteak: “2016an jarri zen mahai gainean, diru partida txiki bat zegoen aurrekontuetan horretarako. 2017 osoa pasa da ezer egin gabe, eta urte bukaeran jarriko da martxan ikerketa. Herriko diagnosi gordina zein den jakin gabe amaituko dugu urtea”. Adierazi zuenez, Bilduri min eman dio konpromiso komunak hartu eta ez gauzatzeak.

J.A. Zaldua (EAJ): “Ikerketa egiteko dagoen arren, martxan jarri dugu”

Erantzun hau eman zion alkateak oposizioko zinegotziari: “Ikerketa egiteko enpresatik, beren arazo batzuk tarteko, Orioko ikerketa ezin zutela egin esan ziguten. Batzorde burua beste enpresa baten bila jardun zen, eta Jaurlaritzan aholkua eskatu ostean, beste bat topatu genuen. Hil honetako batzordean azaldu digute Orion nolako ikerketa egingo den. Oraindik ikerketa egiteko dagoen arren, martxan jarri dugu.”

Plan Orokorra osatzeko prozesuaren erritmoa, eztabaidagai

Oposiziotik Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren idazketa zertan den galdetu zuten. J.A. Zaldua alkateak plana epe luzeko lana dela azpimarratu zuen, lasai osatu beharrekoa. Berak ere prozesua "motel" doanaren inpresioa duela adierazi zuen, baina datorren hilean lehen idazketa aurkezteko moduan izango dutela ere bai. 

Emeterio Iribarren hitzetan, 2014an jarri zen plana martxan, kronograma batekin, eta ez da hori bete: “2015eko maiatzean amaitu zen iradokizunak aurkezteko epea, eta guk egindakoek ez dute erantzunik jaso bi urteren ostean. 2017an onarpen definitiboaren fasean egon beharko genuke, eta oraindik aurrenekoan gaude”.

Ana Priedek ere kritikatu egin zuen Plan Orokorraren eraketa prozesua: “EAJk Plan Orokorra garatzeko konpromisoa hartu zuen, aurretik denok onarturiko lan kronograman. Zergatik sartzen dituzue kronograman, gero aurrera eramateko gai ez zareten gaiak?”

Hau izan zen alkateak Priederen galderari emandako erantzuna: “Kronograman gure asmoak sartu genituen. Gero, errealitatea ezberdina da”.

Orain Herri Plataformako Joxe Angel Iparragirre zinegotziak 2016 urte osoan Plan Orokorra lantzeko batzorde bat ere ez zela egin salatu zuen. EAJri zuzendu zizkion hitzok: “Badirudi, nahita zoaztela mantso Plan Orokorrarekin. Esaten duzuenak, eta gero egiten duzuenak, ez dute bat egiten”. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!