'Elkarrekin-Together' dokumentala eta BATZEN proiektuaren aurkezpena, ostegunean Kultur etxean

Karkara 2018ko urt. 8a, 15:45

Datorren ostegunean, urtarrilak 11, 'Elkarrekin-Together' dokumentala proiektatuko du Udalak kultur etxeko areto nagusian, 19:00etan hasita. Sarrera doan izango da. Dokumentala BATZEN proiektuaren barruan egin da eta proiektuaren zuzendari Iñaki Goirizelaia etorriko da Oriora, proiektuaren eta dokumentalaren aurkezpena egitera eta ondoko solasaldian parte hartzera.

 

Baleazale euskaldunen arrastoen bila

Albaola Itsas Faktoriako presidente Xabier Agotek AEBen ekialdeko kostako uharte baten berri jaso zuen liburu baten bidez: Maine estatuan dago uharte hori eta euskal izena du: Plazentzia. Dokumentu zaharren arabera euskal balea-arrantzaleak han ibili ziren 16. mendean, elkarlanean inguruko biztanle indigenekin. Handik urte batzuetara Xabier Agotek hara joatea erabaki zuen, euskaldunek utzitako arrastoen bila. 'Elkarrekin-Together' dokumentalak espedizio horren berri ematen digu: nondik nora ibili ziren, zer topatu zuten…

Xabier Agote ez zen bakarrik abiatu espedizioan; arkeologo talde bat eraman zuen berarekin eta, horrez gain, dokumentala osatzeko kameraria eta soinu teknikaria. Migeltxo Molina izan zen kameraria eta berak zuzendu du dokumentala, Itziar Garcia ekoizle-zuzendariarekin batera. Miguel Garcia izan da soinu-teknikaria. Xabier Alberdi historialari zarauztarrak ere parte hartu du proiektuan.

'Elkarrekin-Together' 2017ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen eta harrera ona izan zuen kritikaren aldetik.

BATZEN proiektua, euskal komunitatearen elkargunea

Dokumentala BATZEN izeneko proiektu zabal baten barruan ekoitzi dute eta ekarpen pribatu zein publiko askoren emaitza izan da.

BATZEN Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamika berria da, Euskal Komunitatea sentitzen duten guztien elkargune izateko jaioa, Euskal Komunitatea zentzurik zabalenean hartuta: Euskal Autonomi Erkidegoa, Nafarroa, Ipar Euskal Herria, diaspora eta .eus komunitatea.

BATZEN proiektuaren helburua da Euskara, Euskal kultura, Euskal Herria eta Euskal Komunitatea munduko plazan kokatzea, elkarlana sustatuz eta proiektuak gauzatzeko dinamika berriak sortuz.

Informazio gehiago: batzen.eus

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!