Orioko Arraun Elkarteak 12 ontzi izango ditu Gipuzkoako Batel Ligan

Karkara 2018ko urt. 12a, 14:15

Igande honetan, urtarrilaren 14an, hasiko da Gipuzkoako Batel Liga, Trintxerpeko Illunbe Arraun Klubak antolatutako estropadarekin. Zehazki, 10:30ean hasiko dituzte estropadak Pasaian; Torreatzetik abiatu eta bokale aldera egingo dute batelek.

Igande honetan hasiko da Gipuzkoako Batel Liga, Trintxerpeko Illunbe Arraun Klubak antolatutako estropadarekin. Zehazki, 10:30ean hasiko dituzte estropadak Pasaian; Torreatzetik abiatu eta bokale aldera egingo dute batelek.

Maila guztietako ontzien estropadak jokatuko dira, eta, tartean, Oriokoek parte hartuko dute. Orioko Arraun Elkarteak hamabi ordezkaritza izango ditu, guztira: infantil-kadeteen mailan hiru ontzi izango ditu; infantiletan, hiru; jubenil-seniorretan, bat; kadeteetan, bi; jubeniletan, bi; eta senior mutiletan, beste bat.

11 jardunaldi izango ditu ligak, eta eskualdean egun hauetan lehiatuko dira: otsailaren 3an Orion izango dute batel estropada, ZAEk antolatuta; otsailaren 24an, Zumaian; martxoaren 25ean, Orion; eta apirilaren 8an, Getarian. Aste honetan hasiko den Liga apirilean bukatuko da, Pasaian bertan. Apirilaren 14an izango da kanporaketa, eta hurrengo egunean, apirilaren 15ean, jokatuko da finala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!