Zaragueta eskolak matrikulazio kanpaina hasi du, "Eman indarra zure seme-alabei" leloarekin

Karkara 2018ko urt. 16a, 18:36

Gaur egin dute aurkezpen prentsaurrekoa eskolan. Iaz eta aurten erakutsitako bost kartelekin, Zaragueta Herri Eskolaren "oriotartasuna eta aniztasuna" nabarmendu dituzte.

Iazko lelo bera aukeratu dute aurtengo kanpainarako: Eman indarra zure seme-alabei. Rosa Velez zuzendariak nabarmendu duenez, hezkuntza ona ikaslea ahalduntzen duena da, eta ideia hori du erroan esloganak: ikaslea ahalduntzen duen hezkuntza kalitatezkoa eta integrala da. Haurrak ahalduntzen ditugu, bizitzan eta munduan ondo molda daitezen. Bakoitzak bere bidean eta bere dohainekin aurrera egiten asma dezan.

Matrikulazio epea urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra izango dute zabalik. Aurretik, urtarrilaren 25ean, ostegunarekin, bilera informatiboa egingo dute eskolan bertan 18:00etan. Saioa elebiduna izango da. Larunbat horretan, Urtarrilak 27, eskolako ateak zabalik izango dituzte 10:30ak eta 12:30ak bitartean, ikastetxea bertatik bertara ezagutu nahi duen ororentzat.

Eskolan, etxean bezala

Leire Iruretagoiena Haur Hezkuntzako arduradunaren hitzetan, Zaraguetak kalitatezko hezkuntza ematen die haurrei: horretarako ikasle ratio onak ditugu, eta lan-talde guztiz inplikatua. Gure eskolan, haurrak etxean bezala sentitzen dira lehen momentutik.

Azpimarratu duenez, Zaraguetan ikasle bakoitzak heziketa erabat pertsonalizatua jasotzen du: eskola azken urtetan hazten joan da, eta egonkortasun handia irabazi dugu. Oso gustura gaude Zaraguetak gaur egun duen dimentsio eta tamainarekin. Guraso, ikasle eta hezitzaileon arteko harremanak oso gertukoak dira, konfiantza handikoak. Irakasleak eskolako instalazioak eta ingurune berdea ere nabarmendu ditu ikastetxearen balio bereizgarri gisa.

Zaragueta: 40 urte euskaraz

Aurtengo ikasturtean, 40 urte bete dira Zaragueta eskolak lehen ikasle taldea euskara hutsean hezi zuenetik. Hezkuntza publikoaren sarean, ikastetxe aitzindaria izan zen eskolak euskaraz eskaintzen. 70eko hamarkadan euskararen aldeko iraultza hori eskolako guraso eta irakasleen ahalegin izugarriari esker gertatu zen, Joseba Del Olmo guraso elkarteko presidentearen hitzetan. Urtez urte, eskolak etorkinak euskalduntzen egiten duen lana ere azpimarratu du: hizkuntza da, beste elementu batzuekin batera, jatorri ezberdineko haurren integraziorako ezinbesteko giltza.

Del Olmok eskolaren izaera markatzen duten beste balio batzuei ere egin die erreferentzia: inklusiboa, anitza, berritzailea,… Eta noski, hezkidetzagilea. Gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko bidean, hezkuntza ezinbesteko lan eremua da. Irakasleek, eta guraso garenok, egiteko asko dugu, besteak beste, heziketan prozesuan parekidetasuna sustatzeko baloreak txertatzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!