'Fitur'-en izan dira Orioko udaleko ordezkariak

Karkara 2018ko urt. 18a, 16:44

Madrilen urtero egiten den Fitur nazioarteko turismoaren azokan izan dira Orioko Udaleko hiru ordezkari. Traineru jaitsiera eta Bisigu Eguna aurkeztu dituzte bertan. 

Eugenio Cotado, kirol batzordearen burua; Lourdes Salsamendi, kultura eta turismo batzordearen burua; eta Jose Angel Zaldua, Orioko alkatea Fitur azokan izan dira, Oriaren itsasadarrak turista eta bisitarientzat eskaintzen dituen aukeren berri ematen. Bide batez, aurtengo Bisigu Eguna eta traineru jaitsiera aurkeztu dituzte. 

Traineru jaitsiera edo Neguko Estropada otsailaren 17an jokatuko da. Antolatzen duten 24. aldia izango da, eta Euskal Herriko eta Espainiako klub garrantzitsuenetako 80 traineru eta 1200 arraunlari inguru bilduko ditu. Aurten lehenbizikoz, Neguko Estropada jokatzen den asteburuan arraunaren eta piraguaren azoka antolatu dute; Arraunetxean. 

Bisiguaren Eguna, aldiz, uztailaren hirugarren astean ospatuko da; 12tik 15era, hain justu. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!