Mikel Atxegak atzean utzi du junior maila

Karkara 2018ko urt. 25a, 10:27

Emaitza bikainak lortuta bukatu du Junior mailako azken denboraldia Mikel Atxega bodyboardlari oriotarrak. Orain, seniorretan aritzeko eta «disfrutatzeko» prestatzen ari da.

Bodyboardean azken denboraldian lortutako emaitzekin eta egindako lanarekin gustura dago Mikel Atxega (Orio, 1999). sasoi berria, ordea, aldaketekin datorkio, Junior maila atzean utzi eta seniorretan ariko da.
Podium bat edo beste lortu du juniorretako azken sasoian: Euskal Herriko eta Euskal Zirkuituko lehen proban txapelduna izan zen, eta azaroan Zumaian Itzurunen jokatutako Europako zirkuituko proba irabazi zuen. «Gustura gelditu naiz, denboraldia ondo bukatu nuela iruditzen zait. Esaterako, Europako zirkuituko Zumaiako proba irabaztea ez nuen espero, sorpresa izan zen niretzako. Maila altua zegoen, ezagutzen nituen aurkariak eta fuerte zeuden. Baina, beno, ni ere gustura ibili nintzen azken egunetan uretan eta fuerte joan nintzen Zumaiara. Iruditzen zait nire onena eman nuela, eta ondo atera zen azkenean». Orain arte izan duen lorpen handiena Itzurunekoa dela dio, «zalantzarik gabe, nire ibilbidetik hori nabarmenduko nuke».

Garaipen horiek guztiak Junior mailan lortu ditu. Baina maila horretan azken denboraldia egin du, ekain aldera hasiko duten denboraldi berrian Senior mailan lehiatu beharko baitu bodyboardlariak. «Aldaketa izango da, zailagoa». 

Dena den, ez zaio arrotza seniorren maila: «Orain arte juniorretan ematen nuen izena, baina seniorrekin ere aritzen nintzen lehian; beraz, pixka bat ezagutzen dut. Orain seniorretan bakarrik lehiatuko dut; behintzat, gutxiago nekatuko naiz».

Aurreko urteko zirkuituetan eta probetan lehiatzeko asmoa du bodyboardlariak, eta kanpoko probetara ere joatea espero du: «Iaz ez nintzen kanpora joan. Portugalera joateko asmoa banuen, azkenean ez nintzen joan eta gero damua izan dut».

Maila bakarrik ez zaio aldatuko Atxegari. Aste honetan atera du gidabaimena, eta hemendik aurrera probetara joateko gidaririk lortu beharrik ez du izango: «Bizikletan ezin joan, eta beti anaiari eskatzen nion batera edo bestera autoz eramateko; bestela, autoa eramango zuen bateren bat bilatu behar izaten nuen».

Entrenatzeko sasoia
Udan murgilduko dira lehian bodyboardlariak: «Nahiko kontraesan da udan denboraldia egitea, udan olatu gutxiago egoten direlako berez. Baina eguraldiak gehiago laguntzen du udan eta eguna luzeagoa izaten da. Ekainean hasi eta azarora artekoa da bodyboard denboraldia, olatu faltagatik atzeratu egiten direlako probak». Denboraldi berrirako helburu zehatzik ez du aurreikusita Atxegak, «disfrutatzea da nire helburua, eta ea emaitza onen bat etortzen den». 

Aurretik, udazkenetik martxora bitartean, olatu «oso onak» egoten dira eta orduan entrenatzen du gogor oriotarrak. Normalean, Orioko hondartzan eta inguruko herrietan ibiltzen da. Olatu motzak eta fuerteak ditu gustukoak, «azkarrak direnak, baina aukera ematen dutenak, eta ezkerraldera lehertzen direnak». Olatuak noiz orduan entrenatzen du, egunero badaude egunero sartzen da uretara, «gustura, gainera».
 
 Atxurre proba, aurreko sasoitik jokatzear dagoena

Aurreko denboraldiko Bodyboardeko Euskal Zirkuituko laugarrena eta azkena den proba jokatu gabe dago oraindik: Atxurre (Lemoiz, Bizkaia). Open mailan bakarrik jokatzen da. Aurreko denboraldian ez zen jokatu, aurten, baina, jokatuko dela esan dutela dio Mikel Atxega bodyboardlariak. Oriotarraz gainera, beste hiru bodyboardlari zumaiarrek dute probarako izena emanda: Andoni Izaga, Jon Lopez eta Xabier Urrestilla Erkizia. «Toki horretako olatua bere ezaugarriengatik berezia da, ez da egunero lehertzen dena: marea, olatuaren tamainak eta denak eragina dauka. Justu asteburu batean egokitu behar dute olatu horiek, eta zain gaude antolatzaileek noiz deituko. Bodyboard proba ezaugarri zehatz batzuk kontuan hartuta jokatzen delako, epe luze samarra jartzen dute Atxurreren antolatzaileek», azaldu du bodyboardlari oriotarrak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!