Mikel Lertxundi: “Triala kontzentrazio handia eskatzen duen kirola da”

Iñigo Gaiton 2018ko urt. 29a, 10:03

Mikel Lertxundi bizikleta kontuengatik da ezagun Orion. Oraingoan ere, bera elkarrizketatzeko aitzakiak bi gurpil ditu, baina motorra ere badauka: trialean aritzen da motoarekin, eta Euskadiko txapelketa irabazi berri du TR4 kategorian.

Bizikleta dendan hartu gaitu Mikelek. Negu partean jende gutxixeago izaten duela eta, lasai jardun gara berriketan. Bere kontuez gain, Haitz semeaz ere hitz egin digu: motozalea da txikia ere, eta berarekin batera dabil txapelketetan.

Jaiotzez, aiarra.
Mindi baserrikoa, bai. Zarautzen bizi naiz gaur egun.

Eta Orion denda, nolatan?
Krisia hasi zenean, enpresatik bota gintuzten langile batzuk. Betidanik gustatu izan zait bizikletak eta motoak konpontzea, eta gehiegi pentsatu gabe, hemen denda irekitzera animatu nintzen.

Gustuko duzu zure lana.
Bai, nire saltsa da hau: bizikletak puntuan jarri,  pintxazoak konpondu, berriak saldu... Ez dut aspertzeko astirik!

Krisiak ekarritako aldaketa, beraz, ondo aprobetxatu duzu.
Hala dirudi, bai! kar kar kar

Nondik datorkizu bi gurpilen gainean ibiltzeko zaletasuna?
Baserrian bizi nintzenean, bizikletari ez nion kasu bere-zirik egiten. Fabrikan lanean hasitakoan zaletu nintzen gehiago, lankideekin batera. Hor egin genuen kuadri-llatxoa. Afizioa indarra hartzen joan zen, eta bateko eta besteko, behin baino gehiagotan egin dut Quebrantahue-sos lasterketa ezaguna.

Motozalea ere bazara. Noiztik?
Betidanik. Moto dezente izan ditut, era guztietakoak:trialekoak, errepidean ibiltzekoak, mendikoak…
Duela bi urte edo, Quebrantahuesos lasterketan parte hartzeko dortsalik gabe geratu nintzen. Beste motibazioren bat bilatze aldera, trialeko motoa erosi nuen. Duela hamabost urte edo, izan nuen bat. Lagunek kuadrilla bat mendian ibiltzen ginen igandero. Oraingo motoarekin, ordea, oztopoz betetako zirkuituak egiten ikasten hasi nintzen, triala egiten.

Zure kabuz?
Ez, lagun talde batekin. Urtebetera, beraiek animatu ninduten txapelketetan parte hartzera. Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiet emandako babesagatik. Nire emazteari ere bai. Denek lagundu didate ikaragarri.  Duela gutxi irabazi duzu Euskadiko txapelketa. Zirkuituko proba batzuk irabazi ostean, lehen postuan bukatu dut sailkapen orokorrean, TR4 mailan. Baxuena da, TR3, TR2 eta TR1 ditu gainetik.

Zenbat lagunek parte hartzen duzue?
Txapelketetan 50-80 partaide inguru juntatzen gara. Nire kategorian hamabost, gutxi gora behera.

Kontatu nolakoa den txapelketa bat.
Zazpi zirkuitu egin behar izaten dira, denbora jakin batean (laupabost ordu). Zirkuituek oztopoak izaten dituzte. Motoa itzali,  oina lurrean jarri edo erortzeaga-tik, puntuak gehitzen zaizkio gidariari. Puntu gutxien dituenak irabazten du.

Moto gainean saltoka zabiltzala, inoiz sentitu al duzu beldurrik?
Beldurra ez, baina errespetua bai. Hala ere, kirol nahikoa segurua dela esango nuke. Egin ditugun azken hemezortzi txapelketetan, behin bakarrik izan genuen an-bulantziaren beharra, partaide batek lepauztaia hautsi zuelako.

Zortzi urteko semeari begira jarriko zara urduriago…
Ez pentsa! Kar kar kar bera gehiago beldurtzen da niri begira. Agian, hemendik urte batzuetara alderantziz izango da… Halere, badira beren seme-alabak lehiatzen ikusi ezin dituzten gurasoak.

Berak ere irabazi du txapelketaren bat, ezta?
Umeen Euskadiko txapelketa jardunaldi bakarra jokatu-ta erabaki zen, eta bera izan zen garaile, bai.  
Nafarroa- Errioxa zirkuituko zortzi froga ere egin ditu, eta hirugarren postua lortu du sailkapen orokorrean.

Bizikleta edo triala, bietako zein da exijenteagoa?
Ezberdinak dira. Bizikletaren exijentzia aerobikoagoa da. Trialak teknika eta kontzentrazio maila handiak eskatzen ditu. Giharrak indartsu eduki behar dira, 68 kiloko motoa gora eta behera mugitzeko. Tarteka gimnasiora joaten naiz entrenatzera. Mendiko bizikletan ibiltzeak ere laguntzen dio prestaketari.

Tentsioa ere handia izango da motor gainean.
Bai. Bizikleta gainean Quebrantahuesos lasterketa hasi zain egoten nintzenean, bihotza minutuko 90 pultsa-ziotan izaten nuen. Trial txapelketa hasterakoan, 115era izaten dut. Martxan jarri orduko 160-170era igotzen da. Pasara handia hartzen dugu.

Ze asmo dituzu aurrera begira?
Maila bat gora egingo dut, eta TR3 kategorian arituko naiz lehian datorren denboraldian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!